Bi ibilaldi magiko
Goierriko 2 Handiak mendi lasterketan bizitakoen kontakizuna egin du Iker Zalduak.
Larunbat iluntzean gau ibilaldi mitologikoa egin zen Ataunen, San Gregoriotik abiatu eta San Martinera bidean. Bertan izan ziren, besteak beste, Etsai, Torto, Akerbeltz eta jentilak. Aralar eta Lizarrusti inguruetatik behera jaitsi ziren gurera. Bezperan gutariko zenbait Aralar eta Lizarrusti aldera igo ginen, gauez, beste ibilaldi batean, Ehunmilak eta Goierriko 2 Handiak eginez, kasualitatea?
Asteburu honi tasun usaina hartzen diot urtez urte, atzizki horrek gordetzen dituen eskuzabaltasuna, gizatasuna, onberatasuna eta laguntasuna lehertzen baitira gurean. Ostiralean abiatu nintzen ni, hirugarrenez, baina lasterketa ez da orduan hasten, atzean utzitako urteko azaroan, udazkenean, izen ematearekin batera abiatzen da, kurioski, Jentilak Ataunera jaisten diren garai bertsuan, kausalitatea.
Denbora horretan mendietan barna ibiltzen gara bakarka, isilpean, zapatiletan iltzatutako kilometro bakoitzean etxekoen eginahala dagoela gogoratuz, gu goran izateko, norbaitek egon behar du beheran. Entrenamendu bakoitzarekin gozatzeko zortea dut nik, okerrik ezean, buelta bakoitzaren ondoren, errekan sartzen ditut hankak, freskatzen, eta handik etxerako 300 metrotan, Margariren letxugak edo Joxe Mariren basurde-zatiak eraman izan ditut, opari gainera. Etxean haurrak amarekin, zainduta. Familia.
Hilabeteak aurrera doaz, bidean istripu txikiak gertatzen dira, nire kasuan hankako behatz txikia puskatu dut aurten, martxoa zen eta tira! errekuperatzeko astia bada oraindik. Unairen eskuek hanketan sortutako korapiloak askatu zizkidaten eta bere hitzek nire barnean sortutakoak. Hiru aste igaro orduko lasterka nintzen berriro, izerdia errekako uretan isuriz ostera, eta gaur gogoan ditut istripua beranduago izan eta egunarekin gozatzeko aukerarik izan ez dutenak, Roberto eta Sergio, halere, azken astearen barruan hauspoa eman didatenak, batak Salamancatik, besteak Ordiziatik, bejondeizuela. Miseriak.
Ari da urreratzen eguna, udaberriko azken eguzkiak badoaz, eta auzoan lagunak galdezka ditut, zer moduz ote nagoen, prestatu al dudan, eta entrenamenduren bat egingo al dudan haiekin; Iñigo, Jabi, Aritz, badakizue gustura egingo nituzkeela, baina zuen hankak nireak baino bizkorragoak dira, zapo koadrila hori! Baina hitz horiek, bultzada horiek, barruan geratzen zaizkit, eta lasterketa-egunez, edozein gatz-pilula edo gel baino bortitzago dira, bizigarri erabat. Kemena.
Azken txanpa, uda iristear, azken entrenamenduak, azken kilometroak. Anartzekin atera naiz Aralarren barna, dozena bat tontor egiteko asmotan, Anartzek hustu nau, Anartzek erakutsi dit erritmoa, Anartzek abisua eman dit, lehendabiziko tontorrera iristerako buelta, ni ez naiz zu, zu ez zara ni, bakoitzak berea, etxera noa, erritmoak txikitu nau, eta gorputzeko akidura bizkor horrek buruari abisua eman dio, ez hau G2H egiteko moduan txiki!
Buruaren ajeak, gora eta behera, goizean itxaropentsu, arratsaldez zalantzati eta gauez ezkor. Iritsiko da goiza berriro. Eta iritsi da, Beasaingo Martxa, lehengusuarekin atera naiz, azken dantza Hur!. Oso ondo doa dena, bizkor, arin, herriko beste bi lagun, bi bare, topatu ditugu Atxurbi zeharkatu bezain laster. Taldetxoa, lagunak, elkarlana. Anoa postuetan borondateak eramanda hamaika ezagun, eta geldialdia horietan, hizketaldia, eta hitz aspertua hasterako martxa, giharrak alfertzerako. Azkenean taldetxoa elkartu gara. Ondo noa eta amaitzear nago azken froga eta, bat-batean, gihar-isuria, hemorragia, gorputza goitik behera amildu zait, 45 kilometrotan kito. Zolak egosita etxera, herrenka, ezin pausorik eman, telefonoz aitari deitu eta Idiazabalera etorri zait bila, pauso bakoitzak min ematen zidan. Ahaideak, gurasoak.
Azken astea. Aurtengoan ez dudala bukatuko uste dut, kasik seguru nago, baina dagoeneko gutxi geratzen da eta, ze kristo, atera eta ea noraino iristen naizen. Mugikorra bero izan dut aste osoan, animoak, aholkuak, zerbait behar ote dudan lasterketa egunerako, puntu zehatzen batean animoak ematen egotea nahi ote dudan… Txundituta nago, zer da hau! mezuak iritsi eta iritsi, aurtengoan bukatuko dudala uste dut, kasik seguru nago.
Iritsi da eguna, jentilak Ataunen dira eta gu Aralarren, bidean aurrera goaz eta kasualitatez edo kausalitatez, Beasaingo Plazara heldu naiz hirugarrenez. Etxegaratera arte lehengusuarekin, Jabi ere hor izan dut altzoan, nola ez. San Adrianen Eli eta Iñigorekin elkartu eta Eli atzean geratu da, bere erritmora, Iñigorekin ukitu dut Azkorri. Han geldialditxoa eta handik behera, Javi, Pablo, Iris, Aitor eta Jon izan ditut bidelagun. Azkenerako, bakoitzak bere erritmoa hartu eta aleka, baina iritsi gara. Seme-alabak nituen zain azken 100 metroetan, negarrari eutsiko niola uste nion, baina helmuga zeharkatu orduko semearen negarrak nirearekin nahastu dira, alabak, lasaitasunez, eskutik heltzen zidan bitartean. Andrea anoa postu guztietan agertu zait ia, nonahi, uso hegalariaren antzera jarraitu nauela dirudi bide guztian, Usoa. Miseriak pasa ditut bai, ezker orkatila lehen halako bi da, seruma jarri didate iritsi eta gutxira tentsioa plazapen nuelako. Izaro hor agertu zait Gurutze Gorrian, laguntza eskainiz, nik eskatu gabe. Bi orduz artatu nau eta Gorkarengana bidali nau, nik eskatu gabe. Fisioterapeutak irribarrez hartu nau arratsalde eta ia gau osoan hari eta honi masajeak eman ondoren, ni izan naiz bere azken pazientea. Gorputza abailduta baina ni kementsu nago erabat, hasi eta buka berriro.
Hori da Ehunmilak, hori da G2H, hori da Marimudumendi, ez da lasterketa hutsa. Laguntasun, eskuzabaltasun, gizatasun eta onberatasunaren leherketa da, naturarekin bat egiten dugu eta barnean daramatzagun jentilak, galtzagorriak eta Sugaarrak ateratzen zaizkigu, gu gara bete-betean, gure barneko bekaizkeri, maltzurkeri, eta keria guztiak tasun bilakatuta, lasterka gaudenak eta bide osoan daudenak, beren borondateak eramanda gaua Txindoki edo Aizkorrin igarotzen duten horiek, 4 gradutara, eta 40 kilometro orduko haizepean, guri animoak emateko baino ez, sekulakoa. Igandean Murumendira igoz, Mari omenduz, ematen zaio amaiera asteburu berezi honi, Mari ez baita Ataunera jaitsi, Marik hitzordua izaten baitu egun horretan Beasainen, baina garbi dago, Goierri osoa sorgintzen duela.