Giza eskubideak, artea eta euskara, Murumendiko kolore primarioak
Murumendi eskolako komunitateak giza eskubideen aldeko murala margotu du, Arteria proiektuaren barruan. Gustura amaitu dute, askotariko balioak landu dituztelako
Murumendi eskolako ikasleek, irakasleek eta gurasoek giza eskubideen aldeko murala margotu dute Mariarats kalean, jolas parkea eusten duen karga-horman: Esku itxurako zuhaitz bat marraztu dute erdian eta hau ureztatzen ari diren bi giza kate daude, alde banatara, simetrikoki, adin ezberdinetako jendearekin. Testu batekin dago apainduta: Maitasuna elkarri / goxoki azalduz / denok aldarrikapen berdinak dauzkagu / azalak, izaerak, / hiriak uztartuz / giza eskubideak Bete behar ditugu!
Arteria proiektutik bultzatutako egitasmoa izan da. Dar-Dar gizarte ekimenezko kooperatiba da proiektuaren babesleetako bat. Eskolaz eskola ibiltzen dira giza eskubideen inguruan sentsibilizatzeko helburuarekin. Murumendiko ikasleekin egindako hausnarketa horretatik tiraka sortu zen lehen zirriborroa. Aizpea Lasa Muxika diseinatzaile grafiko itsasoarrak findu zuen ideia. Eta ikasleek, irakasleek, gurasoek… gauzatu zuten. Seigarren mailako lau geletako ehun ikasle baino gehiago aritu dira auzolanean azken egunetan, bospasei laguneko taldeetan eta ordubeteko txandetan banatuta.
Murumendiko eskola batzorde pedagogikoak gustura amaitu du lanarekin. «Eskola komunitatean arrasto oso garrantzitsua utzi du», diote. «Giza eskubideen gaia lantzeaz gain, kolektibitatearen eta elkarlanaren pisua adierazgarria izan delako», azaldu dute.
Beasaingo Udalak ere begi onez jaso du egitasmoa. Horma «ilun eta utzi» bati «bizia eta ikusgarritasuna» eman diotela azpimarratu dute. Udalaren finantziazioari esker burutu da murala.
Euskara
Hizkuntza ohiturei arreta berezia jarri diete. Euskaraz egin dute prozesu osoa, baita lan ere. Arnasgunea sortzea zen helburua, eskolaz kanpo ere euskaraz hitz egin daitekeela adierazteko.