Ormaiztegi-Mutiloa Bide Berdea eta Aizpeako meatze eremua lotu dituzte
Goierriko meatze guneko azken lanetan Aizpeatik Barnaolarako bidea eginda, Zerain, Mutiloa eta Ormaiztegi uztartu dituzte. Hogei bat kilometroko bide sarea da
Zeraingo, Mutiloako eta Ormaiztegiko udalek aspaldi hasi zuten lan ildoarekin jarraitzeko, meatze gune ezberdinen arteko lotura gauzatu da, bide publikoen sarea osatuz. Azken fasean Kablearen Bidea egin da, Zeraingo Aizpeako meatze eremutik Mutiloako Barnaola meatze eremura doan adarra. Zeraingo, Mutiloako eta Ormaiztegiko herriguneak lotuta daude hala, aurretik zeuden bideen eta azken horren arteko sare batekin. Natura turismoa eta industria ondareko turismoa sustatzea da helburua.
Goierriko meatze gunea izenez aurkeztu dute eremua. «Aspaldiko ametsa izanik ospatzekoa» da egindako lana Amaia Junquera Zeraingo alkatearen esanetan: «Herritarrek zein kanpoko bisitariek egun bat pasatzeko aukera polita da». 20 bat kilometroko bide-sarea da, hiru herrietatik sarbidea duena eta turismoa sustatzeko baliagarria izan daitekeena: «Lehen 5 kilometroko bide berdea genuen, eta orain egun bat baino gehiago behar da osorik ezagutzeko. Produktu turistiko sendoa da», azaldu du Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak.
Norabidean sakondu
Bide berriak gehituta, publikazio desberdinak eguneratu ditu Goitur-ek BasqueTour-en laguntzarekin. Mapa osatuago bat egin dute, Mutiloa-Ormaiztegi Bide Berdearen eta bideak dituen adar desberdinak biltzen dituena. Digitalizazioan ere lanean dabiltza produktuari forma emateko.
Goierriko meatze gunea Zerain, Mutiloa eta Ormaiztegiko udalek hasitako lanaren jarraipena da. Kablearen bideko adarra eginda, meatze gune ezberdinak lotuta geratu dira eta bide publikoen sarea osatu dute. Hiru ekimenetan oinarritu dira norabidean sakontzeko: meatze guneak lotzea, ondare kultural eta naturalaren interpretazioarekin jarraitzea 3 herrietako meatze paisaiari balioa emateko eta gune osoaren promozioa eta komertzializazioa egitea, garapen turistiko, kultural eta ekonomikorako bide berriak jorratzeko.
Interpretazio seinaleak
Produktu turistikoa sendotzeko helburuz, norabide eta interpretazio seinaleak jarri dira lehendik zeuden meatze barruko seinale ereduak erabilita. Interpretazio seinale bat eta 8 norabide seinale jarri dituzte Zerain eta Mutiloa artean bisitariak kokatu daitezen.