Plaza bat 40 arkitektogairentzat
Espazio publikoen eraldaketan gizartea nola inplikatu jorratzeko, astebeteko egonaldia ari dira egiten Euskal Herriko eta Austriako berrogei arkitektura ikasle, Zaldibian. Plaza aldea dute gai.
Arkitekturak gizartea eta bere bizimodua eraldatzeko dohaina badu. Moduak eta egikerak alda dezakete emaitza, eta ondoren hura erabili behar dutenen egunerokoa. Printzipio horretatik abiatuta, Euskal Herriko eta nazioarteko berrogei arkitektura ikaslek Zaldibian igaroko dute aste hau. Gizartea bere espazio publikoen antolakuntza eta eraldaketan udako ikastaroa garatzen ari dira bertan. Astelehenean hasi zen, eta ostiralera arte jardungo dira. Aiestaran Erreka auzoan, Arkaka alderako zelai batean daude kanpatuta.
Arkitektura esperimentalaren sehaska izana da lehenago ere Zaldibia. Xotil Natke zaldibiarra eta Koldo Telleria segurarra dira ikastaroaren antolatzaileak, arkitekto irakasleak biak, eta EHU eta Innsbruckeko Unibertsitatea (Austria) laguntzaile. Berez, Donostiaren eta Zaldibiaren artean garatuko dute. Hasiera uztailaren 8an Donostiako Miramarren eman zioten Nazioarteko sorkuntza burujabeaz, arkitektura izeneko jardunaldiei, gizartea bere espazio publikoen antolakuntzan eta eraldaketan nola inplikatu jorratzeko hainbat adituren mahai-inguruarekin.
Ondoren, Zaldibiara astebeterako etorrita, gaiari buruzko lantegia egingo dute. «Herriko espazio publikoan etorkizuna aztertzen eta eraikitzen» jardungo dira, Xotil Natkek esan duenez.
Alkateen mahai-ingurua
Zaldibian plaza izango dute aztergai, batez ere, herriko beste gune batzuekin batera. Udalak bultzatutako Ertzetik erdira prozesuaren baitan, aztertu ere. «Hiri-altzarien diseinu eta eraikuntza, talde-lana, hausnarketa eta ekintza…», ikasiko dituzte.
Ikasketa bakarrik ez. Herrian nabarituko da arkitektogaien festa. Astelehen arratsean dantza eta guzti harrera egin zieten, eta bart bideo emanaldia zuten. Bihar, 20:00etan, patata-tortilla lehiaketa egingo dute.
Itxiera gisa, ostiralean hainbat ekitaldi dituzte. Lehenengo, 17:00etan, lau alkate gipuzkoarren mahai-ingurua izango da, Zaintzen gaituzten herriak gaiari buruz. Agurtzane Solabarrietak (Usurbilgo alkatea), Xabier Lertxundik (Hernanikoa), Izarra Urdalletak (Segurakoa) eta Eztitxu Mujikak (Zaldibiakoa) parte hartuko dute, Irati Mogollon soziologoak moderatuta.
Arkitektoen hitzartearen ondoren, festa hasiko da. Zo-zongo perkusio ikuskizuna (20:00), sagardoa txotxetik eta afaria (21:30) eta Rukula taldearen kontzertua (23:00) egingo dituzte.