Santa Ana berrituak
Hiru urteren ondoren, bueltan dira Ordiziako Santa ana festak. Datorren uztailaren 24an hasiko dira ofizialki eta mendizale, saskibaloi eta pelota elkarteko kideek jaurtiko dute suziria
Luzea izan da, baina iritsi da Santa Ana jaiei hasiera emateko atzera kontaketa. Atzo arratsaldean, Ordiziako Plaza Nagusian udala eta herriko eragileek batera egin zuten aurkezpenean, berrikuntza garrantzitsuak iragarri zituzten; Santanazaleen egunean izango da aldaketa nabarmenena, eta Matutina egunean ere badator berrikuntzaren bat.
«Hiru urte itxaron behar izan ditugu, baina hemen datoz azkenean gure herriko festak», hasi zen esaten Adur Ezenarro Ordiziako alkatea. Jaien, hasiera ofiziala, uztailaren 24an, 12:00etan izango da, egun horretan botako baitute suziria udaletxeko balkoitik. Ordiziako Mendizaleen, pilotazaleen eta saskibaloi elkarteetako kideena izango da ohorea. Herriko alkateak gogoratu duenez, «iazko urtean bete zuten urteurrena hiru elkarteek: 75 eta 50na, hurrenez hurren. Sorreratik lan handia egin dute eta gure esker ona adierazi nahi diegu».
Horrez gain, festak euskaraz bizitzeko deia egiteko baliatu du aurkezpena Ezenarrok: «Bizi gaitezen euskaraz eta festetan ere eman diezaiogun euskarari duen lekua».
Jaioberriei zapi urdina
Adur Ezenarro buru duen udal gobernua udaletxera iritsi zen urtean —2019an— aldaketak izan ziren Santa Ana jaietako egitarauan. Gehitu zuten ekitaldietako bat izan zen, ordiziar berriei zapiak ematea. Haurren asteburuan egiten dute, baita aurten ere. Hala, 2021ean jaiotako haurrei ongietorria emateko ekitaldia, uztailaren 16an, 10:00etan, Plaza Nagusian egingo dute.
Ordu berean Txapel Gorri txirrindularitza proba abiatuko da. Haurren asteburua, 12:00etan hasiko da ofizialki, suzirien eta bonben jaurtiketarekin. Udaletxean, aginpidea emango zaie haurren Alkate jaun-andreei. Hortik aurrera, ekitaldi ugari ere; umeentzako bazkari herrikoia, buruhandi eta erraldoiak, musika ta animazioa,…
Igandean ere, askotariko ekitaldiak, esate baterako, haurren ohiko aurreskua egingo dute, Plaza Nagusian, 12:00etan. Eta arratsaldean, 18:30ean kantinerak udaletxetik Buztuntza aldera abiatuko dira, Beti Argi Bandak lagundurik, 19:00etan, danborradari hasiera emateko.
«Berdintasuna»
Aurtengo berrikuntza nabarmenena, zalantzarik gabe, Santanazaleen ekitaldian izango da. 1509 urtetik Ordizian tradizioa da, azken urteko ezkonberriek dantza egitea, uztailaren 27an.
Aurten ere, soka-dantza bikoteka antolatuko da, baina Ezenarrok aurreratu zein izango den berrikuntza: «Bikote arteko rolen banaketa ez da generoaren baitan egingo. Bikotean bietako bakarra baldin bada ordiziarra, hark izango du plazan dantza egiteko aukera, eta ez gizonezkoak automatikoki. Biak ordiziarrak diren kasuetan, eurek erabakiko dute, edo biei aplikatuko zaizkie plazan dantza egiteko baldintzak. Rolak aukeratu egingo dira, baina emakumeak ez dira balkoian geratzera behartuak izango. Soka-dantzako gainerako rolak ere, aurresku, atzesku, maiordomoak eta abar, genero bereizketarik gabe aukeratuko dira».
Beste aldaketa bat izango da, Matutinaren irteera Aita Urdanetatik, Tximista paretik, egingo dutela, jaien bileretan adostu moduan.
Jaietan ere aske
«Edonon aske bizi nahi dugu eta baita Ordizian ere», gehitu du alkateak. «Ordiziako komunitatean kolore guztiak dira ongietorriak eta ez dugu inolaz ere inolako erasorik onartuko, jaiak errespetuz bizi nahi ditugulako, goizean hasi eta gauera arte, herriko edozein txokotan: bai plazan, taberna barruan, kalean zein etxera itzultzerako orduan. Ordiziak guztiok dugu eskubidea gure herriko jaiez disfrutatzeko».
Gune informatiboa jarriko da uztailaren 25ean, 19:00etatik 22:00etara, Zuhaiztian, eta uztailaren 27an, 23:00etatik 02:00etara.
Egitarau zabala
Aipatu bezala, asteburu hau, haurrena izango da, eta uztailaren 24an hasiko dira Santa Ana festak ofizialki, baina astean zehar ere izango dira hainbat ekitaldi. Uztailaren 20an eta 21ean, kuadrillen arteko saskibaloi txapelketa izango da, uztailaren 21ean Urrup antzerki taldearen emanaldia, uztailaren 22an, boxeo jaialdia, uztailaren 23an Umore horia ekintza Oiangun eta Osiñe Talde Feministak eta Ordiziako Koordinadora Feministak antolatutako Akelarre eguna. Gainera, buruhandiak eta erraldoiak eta 23:00etan Bulego taldearen kontzertua izango dira.
Uztailaren 24an hasiko dira festak ofizialki, uztailaren 25ean, Santiago eguna, Ordizia Klasikoa jokatuko da, uztailaren 26an zaindariaren eguna ospatuko dute egun horretan izango direlarik goizaldeko danborrada eta pilota partida profesionalak, eta uztailaren 27an, Santanazaleen eta kuadrillen eguna.