Urretxuko Udalak TAOren ordenantzan aldaketak egin ditu
Udaltzaingoaren gomendiak jarraituz, Urretxuko Udalak hainbat aldaketa egin ditu TAOren ordenantzan. Eremu urdinari dagokionez, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 09:00etatik 15:00etara egongo da indarrean. TAO txartela duten egoiliarrek bertan aparkatu ahal izango dute, autoa mugitzeko beharrik gabe, urteko egun guztietan.
Eremu marroiari dagokionez (errotazio handikoa), astelehenetik ostiralera 09:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 09:00etatik 15:00etara egongo da indarrean. TAO txartela duten egoiliarrek ordutegi horretatik kanpo, igandetan eta jai egunetan aparkatu ahal izango dute bertan autoa mugitzeko beharrik gabe.
Bestalde, eremu urdina zabaldu egin da. BMko aparkalekuaren pareko aparkalekuak eta Buen Bokadotik edukiontzietara doazenak ere eremu urdinean sartu dira. Horri esker, egoiliarrek egunez aparkaleku gehiago izango dituzte. Bukatzeko, TAO zerbitzua ez da martxan egongo abuztuan.
TAO ordenantza azaroaren 2tik dago martxan. Udaltzaingoak jarraipena egin zuen eta eremu marroian behar baino aparkaleku gehiago zeudela ikusi zuen. Izan ere, aparkaleku asko hutsik egoten ziren. Gainera, zenbat tiket banatzen ziren ikusita, zerbitzuaren hasiera ordua atzeratu zitekeela jabetu zen. Hori dela eta, aipatutako aldaketak gomendatu zituen. Ordenantza martxoaren 31n aldatu zen eta aldaketak hilaren 1etik daude indarrean.