Dolareako txorrotak itxi dituzte
Uraren kalitatea ez zen behar bezain ona eta kanila itxi dute. Bihar arratsaldean berriz erabilgarri egongo da
Dolareako ur parkea itxi egin dute gaur eguerdian, analisi mikrobiologikoetan adierazle batek behar baino kopuru altuagoa eman ostean. Beasaingo Udalak adierazi du egoera konpontzeko lanetan dabiltzala eta amaitu bezain pronto txorrotak berriz ere erabilgarri egongo direla. Bihar arratsalderako espero dute.
Txorrotak gelditu zirenean ehun ume baino gehiago zebiltzan. Udalekuetako haurrak sarri joaten dira hara, bereziki, beroa egiten duen egunetan. Monitoreetako batek adierazi du toki aproposena dela, dibertigarria, aire zabalean, egoteko tokia duena… delako. Beraiek asteartean ere han izan zirela esan du.
Futbol udalekuetako haurrak ere bertan zeuden. Lehen aldia zen. Hauek ere, freskotasun bila etorri dira.
Udalekuetatik kanpo, familiak ere bazebiltzan plisti-plasta. Igartza-Oleta auzoko bizilaguna dela aipatu du batek, eta erosoa egiten zaiela goiz edo arratsalde pasa parkera jaistea. Gurasoak harmailetan kontu kontari dabiltzan bitartean, seme alabak txorroten artean zebiltzan, mela-mela eginda. Ez dira larritu, toallarekin eta aldatzeko arroparekin etorri direlako. Bestela, belarretan etzan eta eguzkitan lehortu. Berdeguneei probetxua ateratzen dietenak ere asko dira.
Herritarrentzako eremua “berreskuratu” dela aipatu zuen Leire Artola alkateak urrian, parkea zabaldu zutenean. Herritarren parte hartzearekin eremu “degradatua” zena “biziberritu” eta “beasaindarren beharretara” egokitu zela nabarmendu zuen.
Ur-kontsumoa txikiagoa izateko zirkuito itxi batez baliatzen dira. Hau da, txorrotetatik irteten den ura jaso egiten dute, garbitu, eta berriz txorrotetara bideratzen da. Garbiketa behar bezalakoa den egiaztatzeko egunero egiten dira neurketak, eta hor ikusi dute kalitatea ez zela behar bestekoa. Arautegiak kanila ixtea behartzen du halako kasuetan.
Marra lodiak
Dolarea parkearen hegoaldeko sarreraren parean oinezkoen pasabideko marrak gizendu dituzte. Parkea zabaldu zutenean ur jolasen eremutik zetozen barearen arrasto finek eta sigi-sagatsuek gurutzatzen zuten errepidea. Oinezkoen pasabidea zela adierazten zuen seinalea eta katu begiak egon arren, ibilgailu bat baino gehiago gelditu gabe pasatzen zen. Balizko zalantzak argitu eta segurtasuna handitzeko egindako esku-hartzea izan da.