Eskalada zaletuen bilgune izango da Zaldibia bihar, Zubiblok berrian
Eskalatzaileen topaketa modura antolatu dute, estreinakoz. Eguerdian haurrak eta arratsaldean helduak ariko dira. Zortzi bide markatuko dituzte, haiek igarotzeko
Zaldibian I. Zubiblok eskalada topaketa egingo dute, bihar. Gailurrerantz mendi elkartearen eskalada sailak antolatuta, eskalatzaile zaletuak elkartzeko aitzakia eta gozamenerako tartea izateko antolatu dute. Ez da lehiaketa, eta saririk ez dute emango, txapelketa kutsua kentzeko. Opariak zozkatuko dituzte, trukean.
Aztiriagaberri eta Eskribau etxe-multzoen tarteko harrizko zubian jokatuko da Zubiblok, eskola eta frontoi ondoko aparkalekura sartzeko harrizko zubian. Eguerdian, 12:00etatik 14:00etara, gaztetxoak ariko dira, 12 urtetik 16ra artekoak. Gurasoek sinatu beharko diete baimena. Arratsaldean, 16 urtetik gorakoen txanda izango da, 16:30etik 19:30era. Partaide guztiek baimen informatu bat sinatu beharko dute, eta adin txikikoen kasuan (12-17), gurasoek.
Barra zerbitzua jarriko dute eta pintxoak egongo dira. «Arratsalde polit bat pasatzeko topaketa izango da», azaldu du Iñigo Zeberio antolatzaileak.
Eskalatzaile arituentzat
Harrizko zubian zortzi bide markatuko dituzte, kolore desberdinez. Zailtasuna ere desberdina edukiko dute. 5 mailatik 7b ingurura artekoak topatuko dituzte partaideek. Garbi utzi dute ez dela edonork egiteko modukoa, eskaladan «pixka bat» ibilitakoentzat prestatu baitute Zubiblok. «Komeni da partaideak ibiliak izatea eskalatzen. Hastapenekoek zaila izango dute, bat edo bi egin ahalko dituzte, baina ez askoz gehiago. Eskaladan sartuta ez daudenek, ez dute apenas aukerarik izango».
Bide «zailik» ez dutela jarriko ere aurreratu dute, topaketa herrikoia delako eta eskaladarekin «gozatzea» delako helburua.
Izena aurrez Rocthesport.com webgunean eman daiteke (15 euro). 15 bat eskalatzaile joatekotan direla gehitu du Zeberiok.
Afizioaren lekuko
Zaldibian eskaladarako zaletasuna badagoela diote antolatzaileek. «Eskaladako lokal bat badago, eta gaztetxoak ibili ohi dira. Herriko jendea eta eskualdekoa inguratuko den esperantza daukagu», dio Zeberiok.
Partaide guztiek nahitaez honako gauzak eraman behar dituzte: katu-hankak, haiek lehortzeko trapu bat, eta toaila, eskalada bideak zubiaren azpian eta alboetan daudenez, erreka bera izango baitute beheko koltxoia.