Goierri Punk jaialdiaren 13. edizioa ospatuko da larunbatean gaztetxean
Gazte Eguna antolatu dute larunbaterako Gazte Asanbladak eta hainbat eragilek. Kontzertuak 18:30ean hasiko dira.
Ordiziako Santa Ana festetako haurren asteburua heltzear da. Jaietako lehen asteburuarekin batera, larunbatean gazte eguna ospatuko da, Ordiziako Gazte Asanbladak herriko hainbat eragilerekin elkarlanean antolatuta. Gazte egunean Goierri Punk jaialdiaren 13. edizioa egingo da gaztetxean, arratsaldez, 18:30etik aurrera. Udaleko egitarauaz gain, txosna Batzordeak egitarau zabala prestatu du uztailaren 27ra arte.
Bihar, 18:30ean bizipoteoarekin ekingo diote txosnetako egitarauari. Herriko gune ezberdinetako tabernetatik ibili ondoren, 21:00etatik aurrera kontzertuak izango dira gaztetxean. Gauean, 00:30ean, Berandu baino lehen, Nazarenos del Norte eta Estutu taldeak ariko dira. Larunbatean, gazte eguneko txupinazoa botako da 13:30ean. Trago batzuk hartu eta gero, 14:00etan izango da bazkaria. Manifestazioa egingo dute gazteek 17:30ean, eta ondoren hasiko da Goierripunk jaialdia, 18:30ean. Tirokatuak, Demenzio edota Varicela a los 40 taldeek parte hartuko dute, besteak beste. Sarrera dohainik da.
Musika izango da nagusi ondoren ere gaztetxean. 23:00etan Rebel Noise, Rodeo, Dirty Old Gasteiz eta DJ Adrinalin ariko dira festa girotzen. Asteburukoaren ondoren, uztailaren 23an jarraituko du egitarauak.