Test instalazioak handitu ditu Laulagunek Idiazabalgo zentroan
25 urtetik gorako esperientzia du enpresak sektore eolikoan, eta dagoeneko 60.000tik gora errodamendu instalatu dituzte.
Laulagun Bearings enpresak bere test instalazioak handitu ditu Idiazabalgo entseguetarako zentroan. 2011n ireki zuten test zentroa eta bezeroentzako errodamenduak probatzeko erabiltzen dutena. Area berriko kideak eta Ikerlaneko, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Nordex-Accionako ordezkariak bertan izan dira bisitan.
Pello Irujo Laulagun Bearings-eko CEOak azaldu duenez, 50 urtetik gora darama enpresak merkatuan eta egungo erronkei aurre egiteko lan egiten dute egunero: “Oinarria urte guzti hauetan egindako apustua da, merkatuko teknologiarik onena eskaintzeko asmoz”. Oraingoan 3RR teknologia da egin duten apustua. Punta puntako teknologia garapenean jarduten dute, eta azkeneko instalazioa arlo publiko eta pribatuaren arteko elkarlanaren emaitza izan da. «Eta batez ere, garrantzitsua da ikerketan eta garapen teknologikoan oinarritutako ikuspegiagatik», adierazi du Arantxa Tapia sailburuak. Laulagun Bearingsek 25 urtetik gorako esperientzia dauka sektore eolikoan, eta dagoeneko 60.000tik gora errodamendu instalatu dituzte.
Xabier Sagartzazu Ikerlaneko Energia eta Mekatronica unitateko zuzendariak Laulagunen «I+D+i arloko ikuspegi estrategikoa eta apustua» nabarmendu ditu, «talentu garapen eta trasferentziarekin» batera. «Horren isla da gaur egun Ikerlanen ikasitako asko Laulagunen ari direla lanean. Konfiantza eta kooperazio erlazio hauei esker prozesu eta produktu diferentzialak sortu ditugu sektore eolikoan».