Uda beteko eguraldi ederreko feria
Landareetan udazkena buruan eta onddoei dagokionez Koreako onddoa orain arte ferian ikusi ez duguna.
Egun eta gau argitsuak bizitzen ari garen hauek. Urteko egunik luzeenetan gaude argi orduak behera hasita dauden arren eta gauaz ilargi betea atzo bertan eta zerua garbi argitasunaz gozatzeko. Udako produktuak ere bete-betean eta jendez poliki atzoko feria. Mikologia atalak eman zion ukitu berezia. Batetik bukatu da udaberriko zizen garaia, ziza hori batzuk (20€/k), eta onddoei dagokionez ohiko 30 kilo onddo (10-33 €/k). Eta orain arte inork ekarria ez zuen Koreako onddoa eskaintzen zuten atzo Lasaren postuan, kilo pare bat eskas 10 euroan kiloa eta baita Shitake delakoa ere (8k 10€/k). Bi azken hauek haztegikoak dira. Biak ala biak plantxan ere oso goxoak geratzen omen dira eta Shitakeak bereziki propietate ugari ditu.
Landareetan ez ahaztu udazken-negurako prestatu behar direla baratzeak, espinaka, txikoria, eskarola, borraja, 0,20€/bakoitza salgai. Baita aurretik aipatu izan ditugun aza, azalore, brokoli, urteko porru eta abar ere. Aparte espezia gisa erabili ohi direnen artean ere aukera polita da, albahaka, tipulatxa, zilantroa… eta erabiltzeko ohitura ikasi eta landu daiteke.
Gutxi izan arren ia gorritzen hasi dira poliki-poliki aire librean dauden tomateak. Berenjenak ere Arantxa Zurutuzak ekarri zituen (4€/k). Leka geroz eta gehiago (5-5,5€/k) eta potxak (10€/k) eta piper minak (12-14€/k). Aspaldiko partez Itsasoko M. Jesus Oria ere etortzen hasi da berriz.
Loreen denboraldia aurrera
Gaur hamabost aipatu genuen moduan kolperik handiena pasa da lore salmentei dagokionez. Halere M. Dolores Mendizabalek zioenez, «oso feria polita egin nuen joan zen astean beroarekin dezente lore galdu da eta hutsuneak betetzeko ondo saldu zen». Gustura agertzen da aurtengo denboraldiarekin. Geranioa eta huntza ugarien ekartzen dituztenak izan arren, diplademia ari da indarra hartzen garestiagoa bada ere eta surfinia eta petunia galtzaile handienak.
Azkenik, festetako astean feria asteazkenean bertan egingo da baina ordutegi mugatuarekin 07:00 eta 11:15 artean egingo da uztailaren 27koa.