'Elena Tuduri. Erramuaren sekretua' aldi baterako erakusketa inauguratu dute Zumalakarregi Museoan
Ikerketa etnografikoa eta ondarearen kontserbazioa uztartzen ditu. Abenduaren 30era arte egongo da ikusgai.
Zumalakarregi Museoak ‘Elena Tuduri. Erramuaren sekretua’ aldi baterako erakusketa inauguratu du gaur. Ikerketa etnografikoa eta ondarearen kontserbazioa jorratzen ditu erakusketa berriak. Batetik, Elena Tuduriren ikerketa azaltzen du. Duela 100 urte euskal jantziei buruzko lana egiten ari zela Albizturiko Goikoetxean hainbat soineko eta oihal aurkitu eta bere tesian sartu zituen. Bestetik, Elenaren argazkietako XIX. mendeko soinekoak agertu dira Goikoetxean ez-ohiko kontserbazio egoeran, erramu artean, eta horiek osatzen dute erakusketa.
Abenduaren 30era arte egongo da ikusgai. Oihal bildumaren ez-ohiko kontserbazio egoera dela-eta erabaki du erakusketa antolatzea Zumalakarregi Museoak, Gordailuarekin elkarlanean. Erramuaren erabilera izan da kontserbazio onaren arrazoia. Askotariko piezak daude, material eta josteko modu ezberdinetakoak eta kalitate handikoak. Garai ezberdinetako moda eta etxeko biztanleen erosteko ahalmen altua irudikatzen dute. Hurrengo urtean Gordailuan gordeko da bilduma, Gipuzkoako Foru Aldundiak dohaintza moduan jasoko baitu.
Goizeko inaugurazioan izan dira Maria Jose Telleria Aldundiko Kultura zuzendaria, Gotzon Uria Albizturiko Goikoetxeako nagusia, Mikel Prieto ikerlaria eta Mikel Alberdi museoko ordezkaria. Arratsaldean, 19:00etan, herritarrentzako inaugurazioa egingo da.