Errepidetik zirkuitura, ametsak gauzatu dira
Txikitatik du gustuko motorren mundua Carlos Pintok, eta abiadura lasterketekin eta pilotu handiekin egin du amets askotan. Duela bost urte lehiatzen hasi zen, eta orain ia pilotu handi horien pare dabil.
Brtzelonarako bidean da Carlos Pinto (Legazpi, 1977), erremolkean Ducati Panigale V4 motorra hartuta. Lasterketa du asteburuan Catalunyano Zirkuituan, Montmelon. CIV erkidego arteko abiadura txapelketako lasterketa da, hirugarrena.
Duela bost urte hasi zen motorrarekin lehian Pinto Madrilgo talde batekin, baina erorketa baten ondorioz utzi egin behar izan zuen. Aurten itzuli da zirkuituetara, Asturiasko Mieres Racing Team taldearen babesean. Bi txapelketatan ari da parte hartzen, Open 1000 kategorian. Zazpi lasterketez osatutako CIV erkidego arteko abiadura txapelketa da bat, eta bost probez osatutako Open Easy Race bestea. Afizionatuentzako lehiak dira, baina ia profesionalen pareko prestakuntza eskatzen dutenak.
Irabazteko aukerak
CIV txapelketako denboraldia Jerezen (Espainia) hasi zuen Pintok ekainaren 4 eta 5eko asteburuan, eta laugarren postua egin zuen han. Uztailaren 2an eta 3an Nafarroako Los Arcosen izan zen, eta podiumera igo zen, hirugarren postuan. Asteburu honetan, Bartzelonan du hitzordua. Cartagena, Valentzia, Jerez eta Aragoiko probak etorriko dira gero, txapelketa azaroaren 5ean eta 6an amaitu arte.
Momentuz, laugarren doa CIV-eko sailkapen orokorrean, bigarrenetik eta hirugarrenetik puntu bakarrera. «Txapelketa irabaztea da nire helburua, aukerak baditut horretarako», dio ilusioz beterik. CIV txapelketako lasterketa batzuk bat egiten dute Open Easy Racerekin; honetan 17. postuan dago orokorrean.
Lehiatzeko «katxarroa»
Zirkuituetan Naked KTM 1290 motorrarekin hasi zen zen, probatzeko, afizio modura. Motor hura «bihurguneetan eta trazaduran ondo zebilen, baina zuzenguneetan motz geratzen zen». Laster hasi zen zirkuitutuetan nabarmentzen.
Garai hartan herriko beste pilotu batekin entrenatu zuen behin baino gehiagotan, Xabi Zurutuzarekin, «gazteen esperientzia hartzeko, horiek ez dutelako beldurrik, gehiago ausartzen direlako».
Eta gazte horiek animatuta erosi zuen «lehiatzeko katxarro bat»: 2021 urteko Ducati Panigale V4 bat. Gurpilean 219 zaldi ditu, eta pistan 320 kilometro orduko abiadura har dezake.
Txikitako ametsa
Motorrarekin zirkuituetan le-hiatzea Pintoren txikitako ametsa da. «Sei urte nituenetik nabil motorrarekin. Brinkolan bizi nintzen orduan, eta Mobilete-ekin enredatzen hasi nintzen. Gero, 13 urterekin Derbi 49 bat lortu nuen, 16 urterekin Eduardo nire anai zenak Yamaha RD 3/5 bat oparitu zidan, oraindik gordetzen dudana. Eta 18 urterekin karneta atera nuen eta motor handiak gidatzen hasi nintzen». Aurretik ere gidatzen zituen motor handiak, «baina mendikoak, trialekoak edo krosekoak ziren, eta horietarako ez zen karnetik behar».
Motor handiekin errepidean ibiltzen hasi zen, eta urte asko egin ditu, baina «arriskutsua da, susto dezente izan ditut, eta horregatik hasi nintzen zirkuituetan ibiltzen».
Errepidean lasai joaten da orain, eta abiadurarako zirkuituak uzten ditu.
Lagunez inguratuta
Zirkuituen munduan Xabi Lopezekin hasi zen, «harekin zirkuituan gidatzen ikasi nuen, trukoak erakutsi zizkidan, nola frenatu…». Eta ikasi zuenean, le- hiatzen hasi zen. Lehenengo aldia Madrilgo ekipo batekin egin zuen, eta denboraldiak itxura ona zuen, Nafarroako lehen proba irabazi zuelako. «Baina ez zuen asko iraun. Jerezen pistatik bi aldiz atera ninduten, eta bigarrenean erretiratu egin nintzen. Gero Nafarroko Los Arcosen, entrenamendu batean erori eta zauritua suertatu nintzen. Horrela bukatu zen denboraldia».
Bigarren aldian Mieres Racing Team taldearekin ari da, eta lehia bete-betean dago murgildua orain. «Mekanikoak, laguntza, irudi aholkularitza… denetik dugu, talde ona da, nahiko profesionala».
Pintok badu jende gehiago inguruan: «Mikel Garcia, Alain Quincoces, Alain Medina, Jose Miguel Mendiola Efo, Jose Barbeira… eta batez ere Jorge Romatezabala Koke, nire lagunik onena, elkarrekin gauza asko bizi izan ditugu motorren gainean».
Familia eta laguntzaileak
Familia ere ez du ahazteko, «Enaitz eta Arene seme-alabak, horiei ere erakutsi diet zer den motorraren mundua, eta txikitan lasterketaren bat edo beste egin dute. Nire bikotea Nerea Navarro ere ondoan dut beti, asko animatu nau zirkuituen munduan eta lehian sartzeko».
Eta babesleak oso garrantzitsuak dira, mundu hau oso garestia delako. Pintoren motorrak 40.000 euro balio du, eta denboraldiko 15.000 euroko aurrekontua du. «Eskerrak babesleei, haiek gabe ezingo nukeen lehiatu. Nire enpresa Construcciones Legazpi, eta Interzoo, Attiko, Goimat eta Mapamond dira orain ditudan babeslek».