Gerra garaian hildakoak gogoratzeko, leku bat
Olaberriko udaletxe alboko Plaza Txikia berrizendatu egingo dute, eta 1936an erail zituzten bi olaberritarren omenez Bujanda eta Lasa Plaza bihurtuko da. Igandean egingo dute ekitaldia, Olargi taldeak bultzatua.
Oroimenean ezezik, espazioan ere leku bat izango dute Jesus Bujanda eta Martzelo Lasa olaberritarrek, eta gerran zapaldu eta baztertu zituzten gainerako herritarrek. 1936an hil zituzten biak, gerran zuzenean parte hartu ez bazuten ere, ezinikusi ideologikoen eta inpunitatezko basakeriaren biktima. Olaberria jaioterrian, plaza bat haien izenarekin edukiko dute, etzitik: Bujanda eta Lasa Plaza.
Olargi oroimen historikoa taldeak eskatu zion udalari udaletxearen eta frontoiaren tarteko Plaza Txikia bien izenarekin berrizendatzeko, maiatzaren 17an. Hain zuzen ere, plaza horretan garatu dituzte orain arte memoria historikoaren berreskuratze lanarekin lotutako hainbat ekitaldi. Azken hiru urtean bi herritar horien eta gerraren ondorioak jasan behar izan zituzten herritarren oroimenak ekarri dituzte gogora Olargik eta Olaberriko Udalak.
Jesus Bujanda Martinez, 38 urtekoa, eta Martzelo Lasa Zeberio, 17 urtekoa, 1936an hil zituzten, abertzale izateagatik.
Ekitaldia igandean
1936ko estatu kolpe faxistaren egunaren bezperan, igande honetan, egingo dute plaza berrizendatzeko ekitaldia Olaberriko Plaza Txikian. Ohitura hartu dute data hori Oroimenaren Eguna izatekoa. Ekitaldia etzi 12:00etan hasiko da. Herritarrak gonbidatu dituzte (telefonoz jakinarazi behar da, 681 175 113).
Bujanda eta Lasa Plaza izendatu, eta plaka bat jarriko dute, bertso honekin: «Fusilatuak biok Bujanda eta Lasa / Eta berpiztu nahi degu hemen zuen arnasa. / Ahanzturan nahi zintuzten ez gera hortik pasa. / Herrikok alkar hiltzen gizabide eskaxa». Azpian, «1936ko Gerran zapalduak eta baztertuak izan ziren Olaberritar guztien omenez» esapidea edukiko du.