Igartzabal bake epaileari aitortza
Zumarragako bake epailea omendu du Udalbatzak. Mende erdia bete du zeregin horretan. Hunkituta jaso du eskertza, eta Zumarragaz «bereziki harro» dagoela esan
Jose Angel Igartzabal Belaustegi bake epaileari esker ona adierazteko ekitaldia egin du Zumarragako Udalbatzak batzar aretoan, herenegun iluntzean egindako osoko bilkura baliatuz. Igartzabalek 50 urte bete zituen zeregin horretan iragan martxoaren 11n, eta efemeride horren aitzakian aitortza egin diote udal agintariek.
Igartzabalek «bizikidetzaren eta bake sozialaren alde» egindako lana goraipatu du Mikel Serrano alkateak. Haren esanetan, milatik gora ezkontzaren lekuko izan da bake epailea eta gidatu dituen 300 kontzialiazio kasuetatik %90etan akordioa lortzeko arrakasta izan du. Hilotzen aktak ere jaso behar izan ditu bake epaile modura osatu duen ibilbide luzean. Hasierako urteetan ez zuen soldatarik.
«Adeitsua eta arduratsua»
«Zumarragako bake epailea pertsona adeitsua eta arduratsua da, herriarekin eta bere lanarekin konprometitua. Bi aldeen arteko gertutasuna sustatzen du beti, eta egon litezkeen ezberdintasunak gutxitzen saiatzen da, bake epaile batek behar duen patxada eta sen ona transmitituz. Erreferente moral bat da, eta kontsentsuzko pertsona».
Lan eta izaera horren ondorioz, Lehendakaritzak ere 2008ko apirilaren 10ean aitortza egin ziola gogoratu du Serranok. Herriko makila eman dio opari ondoren.
Urretxuko bake epaile moduan ere jardun zen 2018ko martxoaren 21etik 2019ko urtarrilaren 18ra, hango bake epailea hil eta ordezkoa izendatu bitartean.
Indarrak batzeko eskaera
Igartzabalek «hunkituta» jaso du aitortza.«Gaur bereziki harro nago nire herriaz. Nire lanak bete egin nau eta urte hauetan guztietan bizikidetza sustatzen saiatu naiz. Udalari eskerrak eman nahi dizkiot eta Udalbatzako kideei indarrak batzeko eskatu nahi diet».
Udaletxeko ekitaldiaren amaieran senideekin argazkia atera du bukaeran.