«Mundialeko lehen faserako indarrarekin aurkitzen naiz»
Brontzezko domina lortu du Toulouse taldeko jokalari ordiziarrak Europako Errugbi7 txapelketan, Estatu mailako selekzioarekin. Kirol arloaz eta arlo pertsonalaz mintzatu da.
Europako bi txapelketa jokatu berri dituzu, Poloniakoan, brontzezko domina eskuratuz.
Lehena, Portugalen jokatu genuen, ekainean, eta emaitza ez zen nahi bezain ona izan. Jokalari aldaketak izan ziren, lesio asko, eta gauzak ez ziren guztiz ongi atera.
Bigarrenean, berriz, Polonian, domina lortu dugu eta oso pozik nago. Askoz ere sentipen hobeak izan genituen, eta hori oso garrantzitsua da asteburu honetan jokatuko dugun Mundialerako taldekako fasera begira. Badakigu, gauzak hobeto egin ditzakegula, eta motibazio horrekin gaude oraintxe.
Fisikoki nola aurkitzan zara?
Denboraldia gogorra izan da mentalki, eta horrek, fisikoki ere eragina izan du. Denboraldian zehar nabaritu dut neke pixka bat, sentipenak ez dira nahi bezain onak izan, nahiz eta hobera egin dudan. Europako lehen txapelketara ez nintzen nahi bezala iritsi, eta gero ere nekea sentitu nuen.
Bigarren txapelketan, Polonian, sentipen hobeak izan nituen, baina nahiko nekatuta bukatu nuen. Beraz, Europakoaren ondoren lasaitasunez hartzen saiatu naiz, mundialeko sailkapen faserako indarra hartzeko.
Denboraldia, Frantzian, Toulousen jokatu duzu. Goren mailan zaudete, Frantziako titulua ere irabazi duzue…
Maila handiko taldea da eta Frantziako liga ere maila oso altuan dago. Alde horretatik esperientzia bikaina izan da eta gustura sentitu naiz. Hala ere, Espainiako selekzioarekin uztartu behar izan dut, beraz aurrera eta atzera ibili behar izan dut, eta biak uztartze hori, izan da, agian, momenturen batean pixka bat zaila. Baina hala ere, gustura nago.
Profesionalki bultzada handia izango zen…
Zalantzarik gabe! Maila guztietan izan da bultzada, pertsonalki ere asko ikasi baitut. Sentipenak, pentsamenduak kudeatzen ikasteko oso baliagarria izan da.
Orain, Errumanian, Bucaresten zaude, Espainiako selekzioarekin, Munduko txapelketako taldeen fasea jokatzeko. Txartela lortzeko aukerak ikusten dituzu?
Bai noski! Lau plaza daude eta world serieetako hiru talde gaude. Aukera handiak ditugu!
Zeintzuk izan daitezke arerio gogorrenak lehen fasean?
Bihar, Suedia eta Portugalen aurka jokatuko dugu, eta printzipioz ez genuke arazorik izan beharko. Igandean, berriz, Poloniaren aurkakoa dugu eta Europako bigarren txapelketa irabazi berri du. Partida gogorragoa izango dela aurreikusten dugu. Fase honetan lanak ondo egiten baditugu, bidea dexente erraztuko zaigu. Baina momentuz, asteburukoan dugu burua.
Alde pertsonalago batera joz, ekainaren 28aren bueltan, zure sare sozialetan elkarrizketa bat zabaldu zenuen, non kirol profesionaleko LGTBI+ erreferenteak ikusarazteak duen garrantziaz hitz egiten zenuten zuk eta zure bikoteak.
Urte hauetan guztietan elkarrizketa asko egin ditut, baina kirol arlokoak, beti. Momentu hau iritsita, pentsatzen dut, beharrezkoa dela gai honen inguruan publikoki modu natural batean hitz egitea. Horregatik, erabaki genuen nire bikote Amaliak eta biok, gaiaren inguruko elkarrizketa hau egitea. Gainera, bagenekien eroso sentituko ginela proposamena egin zigutenekin konfiantza osoa dugulako.
Honekin aldarrikatu nahi dugu, mundu anitz batean bizi garela eta aske bizi eta maitatzeko errespetua eskatzen dugu guztiontzat. Uste dugu urrats handiak egin direla baina oraindik bidea egiteko dagoela. Horregatik, gure bultzadatxoa eman nahi izan diogu kirol profesionalean LGTBI+ kolektiboko pertsonak izanda, garenari ikusgarritasuna emanez.
Nolako erantzuna jaso duzue?
Zorionez mezu oso politak jaso ditugu, babestuta sentitu gara eta sentitu dugu LGTBI+ kolektiboarentzat bultzadatxo bat izan dela. Horregatik oso pozik gaude. Gure istorioa, gure hitzak, zenbat jenderi heldu zaion ikusteak eta haientzat lagungarri izan dela ikustea, oso polita da.