Taldekako erlojupeko Gipuzkoako txapelketa jokatuko da Legorretan
Igandean izango da, Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldeak antolatuta. Junior eta kadete mailako txirrindulariek parte hartuko dute. 16:00etan irtengo dira lehenengo taldeak
Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldeak antolatuta, erlojupeko Gipuzkoako txirrindularitza txapelketa jokatuko da igandean Legorretan, taldeka. Junior mailako mutilek eta kadete mailako neskek eta mutilek parte hartuko dute lasterketan. Bi kategoriak batuta, 28 txirrindulari taldek jokatuko dute probintzia mailako txapelketa. Kadeteak irtengo dira lehenengo, eta juniorrak ondoren.
16:00etan hasiko da. Kadeteek 25,3 kilometro egingo dituzte. Ateratzen lehena Iruki-Ipar Maquina taldea izango da. Legorretatik Ikaztegietara joango dira, bertatik Alegiara, Ugartera joateko. Amezketara abiatuko dira gero. Ugartera itzuli eta Alegiatik Ikaztegietara joango dira. Legorretan amaituko da. 19 taldek parte hartuko dute. Bi minutuko tartearekin irtengo dira.
Juniorren txanda izango da ondoren. 34,4 kilometro egingo dituzte eta Iruki-Limousin taldeak irekiko dute erlojupekoa juniorretan. Kadeteen hasierako ibilbide bera osatuko dute, Alegia eta Amezketa inguruan, baina Legorretara itzultzean, helmugaratu beharrean, Itsasondora joko dute. Ibareseko bidegurutzean Ordiziako San Juan auzoko biribilgunera joango dira eta Ibaresera itzuliko dira. Bertatik Itsasondora joango dira, eta Legorretan amaituko da karrera. Bederatzi taldek parte hartuko dute.
Iaz, Ampo eta Andoain
Iaz maiatzean jokatu zen Legorretan junior eta kadete mailako Gipuzkoako txapelketa taldeka erlojupekoan. Goierriko Ampo-Ikolan Sports A izan zen garaile juniorretan, eta kadeteetan Andoaingo Txirrindulari Eskola.
Kadeteen Txapel Gorri proba, larunbatean
Bihar Ordizian kadeteen Txapel Gorri proba jokatuko da, 53 kilometrokoa. 10:00etan irtengo dira Gudarien Etorbidetik. Irteera ofiziala GI-2131 errepidean izango da. Oteginea, Ibares eta hilerritik sei aldiz pasako dira, eta azken kilometroetan Alegia, Amezketa, Abaltzisketa eta Larraiztik pasako dira, Ordizian bukatzeko.