Zaldibiako Txamarretxe auzoan festa izango da bihar arratsean
Dantza saioa, toka txapelketa, ardo eta sagardo partitzea, afaria eta erromeria izango dituzte.
Azkeneko unean animatuta bada ere, Zaldibiako Txamarretxe auzoan festa antolatu dute. Ohitura den bezala, uztaileko hirugarren asteburuan, biharko prestatu dituzte ekitaldiak. Orain hiru urte eten zen usadioari berrekin diote, ordea, bihar arratsean ospatuko dute festa.
Iztueta dantza taldearen saioarekin hasiko da egitaraua, 19:00etan. Hain justu, Txamarretxe auzoan jaiotako Juan Inazio Iztueta dantza-maisu eta idazlearen izena du taldeak, eta aitzindaria omenduko dute.
Ondoren, herritarrentzat toka txapelketa hasiko da, 19:30ean (izena 19:00etatik 19:30era). Iluntzeko giroa berotzeko, usadiozko edari partiketa egingo dute, Arrese jatetxeak eskainitako ardoa eta Larrarte sagardotegiak jarritako sagardoa banatuz.
Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi bertsolariak gonbidatu dituzte Txamarretxera. 20:30ean hasiko dute saioa, librean.
Afaria eta erromeria
Arrese jatetxean bertan egingo dute gaueko afaria, 21:00etan. Bertan eman behar da izena, lehenbailehen. Entsalada, txuleta edo legatz frijitua, postrea, edariak eta kafea sartzen dira (25 €).
Afal ondoren, Agurtzane eta Jon Elustondo anai-arreba trikitilariek jarriko dute erromeria, bertsolariekin tartekatuta.