Martin Diazek eta Irati Larrañagak irabazi dute Aztiriko karreran
Ibilbide berriko denbora-erreferentziak jarri dituzte, 57:09 gizonetan segurarrak, eta 1:15:22 nesketan usurbildarrak. 83 korrikalari irten dira. Festak bukatu dira
Aztiriko 16. Mendi Lasterketak aro berriaren hasiera ere izan du, pandemiatik itzulerako ekitaldia. Igande goizean, bero zakarrarekin jokatu zen, ibilbide berria estreinatzeko gainera. Aizaleku tontorrera igo ziren lehenbiziko aldiz korrikalariak, eta azken aroan ohikoa zen Otañu gainditu dute jarraian.
Martin Diaz Virto segurarra nagusitu zen gizonezkoetan. 57:09 minutuan geratu zuen erlojua, 11,6 kilometro luze eta 663 metro desnibel metatuko aldapak osatuta. Mendi karreraren lehen ibilbideko (2005-2015) marka Ruben Lantzek zuen (44:55), eta goi mendia ere (Otañu) sartutako orain arteko arokoa (2016-2019) Beñat Katarainek (48:49). Diazena izango da erreferentzia berria, orain. Aizaleku tontorrean bera pasatu zen lehenengo (16:18).
Emakumeetan irabazlea Irati Larrañaga usurbildarra izan zen (1:15:22). Izena emanda denera 103 korrikalari baldin bazeuden ere, 83 lagun ausartu ziren bero sapari aurre egitera, irteeran (horietatik 11 emakumezkoak). 76k bukatu zuten karrera.
Sariketan, gizonen podiuma Diazekin Jon Alberdi zestoarrak (59:58) eta Aitor Dionisio zumarragarrak (1:01:37) osatu zuten. Nesketan, bigarren Ester Larrañaga azkoitiarra (1:22:58) eta hirugarren Ane Arizkorreta lazkaotarra (1:24:57) sailkatu ziren.
Herritar onenak, berriz, Josu Elgarresta gizonetan eta Maialen Igartzabal emakumezkoetan sailkatu ziren, gabiriarrak biak.
Lau eguneko festa aldia
Ostiralean hasi ziren Aztiriko Santa Marina festak eta atzo bukatu. Auzoko bola lehiaketa Ioritz Debak irabazi du, 19 partaideren artean; toka, Iskander Kobeagak eta Maitane Agirrek (37 guztira, 19 mutil eta 18 neska). Auzo afarian 65 lagun ziren, Aztiri Erretegian. Andoni Ollokiegik girotu zuten jantokia kantuz.
Larunbatean, patata-tortilla lehiaketak zilarrezko ekitaldia bete zuen. Hamasei bikotek parte hartu zuten, eta Iñaki Goenagak eta Iñaki del Riok egin zuten epaimahaiaren iritziz goxoena.
Igandean, mendi karreraz gain, eguerdian Bittor Gabiria Makatzaga baserriko auzotarra omendu zuten. Arratsaldean, Jabier Zabaletaren omenezko lehenengo bola txapelketa Iñaki Maiz gabiriarrak irabazi du (36 birla). Gizonezkoetan bera izan zen aurrena, Ibon Miner, Jon Agirre aztiriarra eta Joxemari Etxebeste ondoren; emakumeetan, Garbiñe Alustiza lehena, Aitziber Makatzaga bigarren, eta Naiara Peñagarikano hirugarren. Gazteetan Kepa Ormazabalek irabazi du. 32 bolari ziren.
Santa Marina egunarekin, atzo bukatu ziren Aztiriko festak. Juan Jaso eta Alvaro Vidal apaizak izan dira meza emaile. Hamaiketakoa Jokin Matxinandiarenak girotu du soinuarekin.