Nerea Murillok egin du Santa Anastasia jaietako egitarauko azala
Urtero parte hartzen du lehiaketan 21 urteko urretxuar honek. Hamar lan aurkeztu dira eta Aizpurunea kultur etxean ikusgai jarri dituzte
Urteroko moduan, Urretxuko Udalak lehiaketa antolatu du Santa Anastasia jaietako egitarauko azala aukeratzeko. Lehiaketa Nerea Murillo Telleria 21 urteko urretxuarrak irabazi du. Hamar lan aurkeztu dira lehiaketara eta guztiak kultur etxean ikusgai daude.
Murillok Diseinu Industriala ikasi du Arrasaten (aurten bukatu du) eta beti gustatu zaio marraztea. Dagoeneko hiru aldiz parte hartu du lehiaketa honetan eta ilusio handia egin dio irabazteak.
Gainera, festak oso gustuko ditu eta karroza desfilean parte hartzen du. Bere kuadrillak bi aldiz irabazi du karroza onenari saria: 2017an Gernika karrozarekin eta 2019an (pandemia aurreko azken festak) Notre Dame karrozarekin. Lehiaketako sari banaketa ostiralean izan zen eta ekitaldian, Maialen Fidalgo zinegotziarekin batera, Murilloren kuadrillakoek parte hartu zuten.
Epaimahaia Jai batzordeko kideek osatu dute eta Fidalgok Jai batzordeko kideen %80ak Murilloren lana hautatu zuela esan zuen.
Murillo «oso pozik» zegoen. «Sekulako ilusioa egin dit. Marrazkian jaietako ekitaldi garrantzitsuenak jasotzen saiatu naiz. Horretarako, Iparragirre, buruhandiak eta dantzariak marraztu ditut».
Azken urteetan gailendu diren marrazkien aldean ezberdina dela esan zuen. «Lehenengo estiloa zehazten dut eta gero edukia. Nire lanean marrazkiaren marrak ikusten dira eta hori ez da askotan ikusi azken urte hauetan».
Urretxuko Santa Anastasia jaiak, pixkanaka, itxura hartzen ari dira. Jai batzordeak, egitarauaren azala aukeratzeaz gain, pregoilaria aukeratu du. Aurten, Aspace elkartekoek emango diete hasiera festei. Elkarte hau 50. urteurrena ospatzen ari da. 44 urte daramatza Urretxun lanean eta egunotan 50. urteurreneko erakusketa ikus daiteke Juan de Lizarazu aretoan.
Jai batzordeak festetako bi kontzertu garrantzitsuenen berri ere eman du. Larunbatean Reincidentes talde andaluziarrak joko du eta igandean Huntzak.
Santa Anastasia jaiak prestatzeko hurrengo bilera bihar izango da: 18:00etan, udaletxeko portaloian. Euskal Jai egunari buruz hitz egingo dute. Herritar guztiak parte hartzera gonbidatuta daude.