Urbiako fonda San Inazio egunez zabalduko dute
Jabe berriekin eta aro berri bati ekingo dio Urbiako fondak. Hilaren 31n, San Inazio eguneko ospakizunarekin batera zabalduko dute.
Hainbat hilabetez itxita egon eta gero, Urbiako fondak laster zabalduko ditu ateak, atzera ere. Hilaren 31n izango da, San Inazio egunez, eta ohiko festa ere berreskuratuko dute, pandemia dela eta bi urtez etenda egon eta gero. Hala jakinarazi du Gipuzkoako eta Arabako partzuergoak, hedabideetara zabaldutako ohar labur baten bidez.
Goiena taldeak, berriz, jabe berrien izenak ere jakinarazi ditu. Elgetako bikote batek hartuko du fondaren kudeaketa hemendik aurrera: hala, Peio Bilbao eta Naiara Romanet izango dira arduradun berriak. Fonda ixteko albisteak bezala, haren kudeaketa emateko lehiaketak ere zabalkunde handia izan du azken hilabeteetan, eta guztira 50 bat lagun aurkeztu dira. Horietatik hamar bat, gainera, negozioa bertatik bertara ezagutzera geerturatu dira.
San Inazio eguneko egitaraua oraindik erabakitzeko du partzuergoak, eta ostegun honetan egingo duten bileran argitzea espero dute.