Arizonako euskalduna bisitan
Lazkaoko Maizpide euskaltegian euskara ikastaroa egin du duela 31 urte ere egon zen Christopher Rosebrook estatubatuarrak. Ez du hizkuntza galdu bien bitartean.
Uztaileko lehendabiziko hamabostaldian, iraganera itzulita bezala ibili da Lazkaon Christopher Rosebrook. Bertso-triki poteoan, antzerkia ikusten, eta, batez ere, Maizpide euskaltegian lehenago ere maila onekoa zeukan euskara lantzen. Ondo ezagutzen du berak herria, eta bertako lagun askorekin gogoratzen da. 1991n, duela 31 urte, bost hilabete igaro baitzituen. Berriro itzultzea erabaki du, euskararen deiak erakarrita.
AEBetako Iowa estatuko Des Moines hirian jaioa, irakasle euskaltzale batek —Roslyn Frank-ek— aurkeztu zion euskara, gaztea zela. Eta euskararen xerkan, Euskal Herrira itzuli zen.
«Unibertsitatean Filologia Hispianikoa bukatzen ari nintzen. Txikitatik ikasi nuen gaztelania, baina ez nintzen inoiz gaztelaniaz hitz egiten duten herri batean bizi izan, eta nahi nuen, praktikatzeko eta erdara hobetzeko. Nire irakasle bat oso euskaltzalea zen, eta Euskal Herrira etortzeko esan zidan», gogoratu du Christopher Rosebrookek, Maizpideko liburutegian.
Iowako Unibertsitatearen eta EHUren arteko trukea baliatuz, Donostian atzerritarren programan lau hilabetean ikasi zuen euskara. Gehiago eta azkarrago nahi zuen, ordea, eta HABEra jo ondoren, Lazkaora iritsi zen.
Maila dotorea lortu zuen Maizpideko egonaldi hartan, orduko irakasle Aitor Asurmendi Aitzol-ek oroitu duenez. «Garai hartako 5. urratsera iritsi zen, gaur egun B1 izango litzatekeenera. Eta orain, 31 urte pasatu eta gero, B2an hasi da, alajaina».
Denbora asko igaro da harrezkeroztik. Tartean, Herbeheretan 21 urtean bizi izan da —senarra hangoa da—, eta duela lau AEBetara itzuli ziren, Arizonara, Phoenix hiriburuko kanpoaldera.
Lanean euskaraz
1991tik euskararekin ia ez du kontakturik eduki Rosebrookek, aldian behingo elkarrizketa batzuk salbu. Suitzan lanean egon zenean, Euskaltel konpainiarekin hartu-emana zeukatenez, bezero batzuekin euskaraz komunikatu zen. «Haiek harrituta: amerikar bat Suitzan euskaraz».
Geroago, Las Vegaseko erakusketa batean, Donostiako Ikusi enpresako langile batekin topo egin zuen, eta ez zuen hizkuntza astintzeko aukera galdu. «Hura negarrez hasi zen, hunkituta, amerikar bat euskaraz hitz egiten entzutea nola zen posible esanez». Ez Iowan, ez Arizonan, euskaldunik ez du aurkitu. «Iowan txerriak eta behiak ditugu, ardirik ez. Euskaldunek, dirudienez, ez duzue inolako interesik txerriekin eta behiekin», dio umorez, Idahoko edo Kaliforniako artzain emigratzaileen erreferentzia eginez.
Hizkuntzaren deia berriro
Iaz, Donostian zebilela, atzera euskara itzuli zitzaion bere bizitzara. «Ez nuela ahaztu konturatu nintzen, eta berriro lantzeko gogoa erne zitzaidan». Ikasketaz filologia eta masterra linguistikan edukitzeak lagundu dio, aidanez. Baita Lazkaoren gomutak ere: «Oso polita eta nostalgikoa da». Bi aste igaro ditu.
Bizizalea da Rosebrook, oso lagunkoia, umore ederrekoa, eta kontularia. «Hizkuntza jostailu bat da, eta jolastu behar da», ziurtatu du. «Eta bizitza gozatzeko da, eta besteen bizitzak hobetzeko», gehitu, hitzetik hortzera. 1991n ere ez zuen jolasteko aitzakarik behar, eta Euskal Telebistan Joseba Aurrekoetxeak aurkezten zuen Kalejira lehiaketa-saiora aurkeztu zen, Asurmendi irakaslea lagun hartuta.
ETBko ‘Kalejira’ saioan
Anekdota ugari kontatu dituzte ordukoak. Autoa «segundo gutxigatik» ez zutela lortu, saritan Portugalera eta Galiziara bidaia eta 65.000 pezeta ekarri zituztela; «eta panpinoa!», gaineratu du Rosebrookek, programaren ikur zen panpina laranjaz.
Dirua euskarazko liburuak erosten erabili zuen, 22 urterekin. Orain, Arizonako «euskal liburutegi handiena» etxean dauka. Gizon handia ere bada, zentzu guztietan. Kalejira-n, probetarako buzoa sartu ezin, eta birekin bat josi zioten. Aitzolek aurkezpenean bertan kantatu zuen, gertakariak bertsoa merezi zuela-eta Joxemari Ormazabal lankideak prestatu ziona: «’Kalejira’-n sartzeko / hamaika eraso, / egiten baikenuen /Lazkaon enbarazo. / Gure neurri handia / genuen arazo / bi soilik izan arren / behar hiru buzo». Sakelako telefonoan du bideoa gordeta estatubatuarrak.
«Polemika nazionala» ere eragin zuten ia, euskara ikastea erraza zela bota baitzuen telebistan. Aitortu du gezur ttiki bat zela, ez dela hain erraza; «batez ere Nor-Nori-Nork ulertu arte».
Lazkao onerako aldatuta ikusi du. «Askoz politagoa da, taberna asko, jende jatorra… Asko gustatzen zait, eta itzuli nahi dut berriro». Etorkizunean, jubilatutakoan, senarrak eta biek bolada bat Euskal Herrian pasatzeko asmoa dutela azaldu du; gustatzen zaie.
Euskarari buruz, umeen artean gehiago entzuteak poztu du. Eta ez dakitenei mezua utzi die: «Niretzat oso harrigarria da hemengoek euskaraz ez egitea. Ez dut hori ulertzen, eta batez ere horrelako errekurtso bat [euskaltegia] baduzu herrian bertan, zergatik ez erabili. Hemen euskaraz ikastea erraza da, eta metodo oso-oso ona du Maizpidek».