Aspaceren 50. urteurreneko erakusketa Urretxura iritsi da
Juan de Lizarazu aretoan egongo da, hilaren 27a arte. Elkarte horretako erabiltzaileek eguneko zentro berria eta apartamentuak izango dituzte aurki Urretxun
Aspace elkartea lehen mende erdia ospatzen ari da eta horretarako erakusketa bat prestatu dute. Hilaren 27a arte Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan egongo da. Bertan, elkartearen historiaren eta lanaren berri ematen da.
Inaugurazio ekitaldia ostiralean izan zen. Ekitaldian, Elisa Carmona Aspace Gipuzkoako lehendakariak, Lurdes Etxaniz Goierriko ordezkari eta erabiltzaile baten amak, Miguel Angel Gomez erabiltzaileak eta Maialen Fidalgo zinegotziak hartu zuten hitza. Jon Luqui alkatea eta Igor Zubillaga zinegotzia ere bertan egon ziren, hainbat erabiltzaile eta gurasorekin batera. Guztiek Aspaceren ekarpena txalotu zuten.
Fidalgok Aspacek gipuzkoar guztion pentsatzeko eta jokatzeko era aldatzea lortu duela azpimarratu zuen. «Sortzaileek integrazioaren alde lan egin behar zutela ikusi zuten eta egun Aspaceko kideak Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko kide aktiboak dira. Hala, Elkarbide paseoetan eta Aniztasunaren Festan parte hartzen dute, besteak beste».
Urretxuko egoitza 1978an ireki zuten, San Martin auzoan. Egun Labeaga kalean daude. Aurki, 2023ko amaieran edo 2024ko hasieran, zentro integrala irekiko dute pasiotarrena zen eraikinean. Bertan, 36 lagunei zerbi-tzu emango zaie: 22 eguneko zentroko erabiltzaileak izango dira eta hamalau bertan egingo diren apartamentuetan biziko dira. Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera aterako du aurrera egitasmo hori. «Aspacek egiten duen lana ezagutarazten lagunduko du eta erabiltzaileen gizarteratzea erraztuko du, bertan ikastola, igerilekua eta emakumeen etxea baitaude». Gainera, adinekoentzako etxebizitzak ere egingo dira.
Carmonak Orona enpresari eskerrak eman zizkion, erakusketa egiteko diru laguntza emateagatik. Baita Odriozola sendiari ere, beraien Urretxuko Iparragirre kaleko lokala denda bezala uzten erabiltzeagatik. Udalari herrigintzan parte hartzen uzteagatik eta beraien beharrak asetzeagatik eman zizkion eskerrak. Etxanizek asko egin dela, baina oraindik egiteko asko dagoela aipatu zuen. Gomezek aurtengo jaietako pregoia irakurriko dutela gogoratu zuen.