Domina bana etxera
20 urtez azpiko Espainiako txapelketan urrezko domina lortu du Danel Perez ordiziarrak gorako jauzian. Iraia Mendia lazkaotarrak zilarra eskuratu du 3.000 metro oztopoetan
20 urtez azpikoen aire zabaleko Espainiako atletismo txapelketa jokatu da asteburuan Torrent-en (Valentzia, Herrialde Katalanak), eta hiru goierritarrek emaitza bikainak lortu dituzte. Txindoki Atletismo taldeko Danel Perez ordiziarra txapeldun izan da eta urrezko domina lortu du gorako jauzian, eta Iraia Mendia lazkaotarrak zilarrezko domina 3.000 metro oztopo lasterketan. Tolosa taldean dabilen Hodei Caballero ordiziarrak, berriz, laugarren egin du 10.000 metro martxako proban.
Lehenengo urtea izan da kategoria horretan Danel Perezentzat. Txapelketan gorako jauzian parte hartzen zutenen artean 5. markarik onena zuen, 1,97 metrokoarekin. Azkenean lehen postua lortu du, eta Txindoki klubeko errekorra ezarri eta marka pertsonala ere hobetu du, 2.01 metroko jauzia eginda. Iraia Mendiak, aldiz, bigarren postuarekin zilarrezko domina lortu du, 10.27.01 minutuko denbora egin ondoren. Bigarren markarik onena zuen txapelketa aurretik. Mundialerako marka lortzerik ez du izan. World Athletics-ek 10.31.00 minutuko marka eskatzen badu ere, Espainiako Federazioak 10 segundo gutxiago eskatzen ditu.
Caballero laugarren
Tolosa taldeko Hodei Caballero ordiziarrak laugarren postuan amaitu du txapelketako 10.000 metro martxa lasterketa, 50.17.87 markarekin. Hirugarren markarik onena zuen aurrez.