Errenazimendua eta barrokoa, erretaulak banatuta
Erretaula are zaharrago bat topatu zuten pasa den ostiralean, egungo erretaula desmuntatzerakoan. Pintzelez margotutako horma irudi bat da zehazki
Erretaula are zaharrago bat topatu zuten pasa den ostiralean, egungo erretaula desmuntatzerakoan. Pintzelez margotutako horma irudi bat da zehazki, egungo erretaularen tamaina berekoa. Pigmentu zuriak, beltzak eta gorriak besterik ez ditu.
Iñaki Erauskinek aitortu duenez parrokiarrek ez zekiten erretaula zaharragorik zegoenik, baina lanean ari diren adituek jakin bazekiten nonbait bazegoela halakorik, Pedro Luis Etxeberria Goñi Artearen Historian doktoreak jasoa baitu Contribución del Pais Vasco a las artes pictóricas del Renacimiento: la pinceladura norteña lanean. Honen arabera, Juan Perez de Landa margolari nafarra da egilea. 1555. urtean egin zioten eskaria, egurrezko erretaula baino 115 urte lehenago. Errenazimendu garaikoa da, hortaz.
Etxeberriaren ikerketen arabera Perez de Landari Pasioko bost pasadizo enkargatu zizkioten: Jerusalemen sartzea, Barazeko otoitza, Atxiloketa, Bosgarren angustia eta Gurutziltzaketa. Egungo erretaula eraitsi ahala, horma pintura geroz eta gehiago ikusten da.
Erretaula osorik desmuntatutakoan agerian geldituko diren pasarteak katalogatu egingo dituzte. Gero estali egingo dute, atzera, egurrezko erretaularekin. Egurrezko erretaula bere lekura itzuliko da, hamabi metroko garaiera duenez erortzeko arrisku handia duelako hormaren aurka jartzen ez bada.