Parrokiako erretaula nagusia salbatzeko misioa martxan dago
Jasokundeko Andre Mariaren elizako erretaula erortzeko arriskuan dago, pipiek erasanda. Piezaz pieza eraitsi, fumigatu, egonkortu eta berriz muntatuko dute
Andre Mari Zeruratua parrokiako erretaula nagusia desmuntatu egin dute erori baino lehen. Izan ere, egurra xilofagoez «erabat infestatuta» dagoela onartu du Iñaki Erauskin eliztarrak. Fumigatzeko, eliza gas ganbera batean bilakatuko dute. Hau da, gas toxikoz betetako burbuila bat bilakatuko dute pipi guztiak ito daitezen. Behin zomorro guztiak akabatuta, hauek eragindako zuloak erretxinaz beteko dituzte eta lurrera jaitsitako pieza originalak, banan-banan, berriz bere lekura eramango dituzte. Lanak lau hilabetetan amaituta egongo direla aurreikusi dute. Mezak ez dira etengo bitartean.
Esatea erraza da, baina esku-hartze konplexua da. Erretaula ondare gisa katalogatuta dago eta, horregatik, ahalik eta gutxien aldatu behar dira. Kontua da egurra «oso egoera kaxkarrean» dagoela eta piezak oso ahul daudela, eta erraz apurtu eta galdu daitezkeela. «Beharrezko ekintzak bakarrik planteatzen ditu proiektuak, zaharberritzea ezinbestekoa diren kasuak», azpimarratu du Erauskinek. «Beharrezkoa den zaharberritze hori erretaularen egituran esku hartzera eta egurraren tratamendu egokira mugatzen da. Elementu apaingarriak soilik zaharberrituko dira».
Alarmak duela urtebete egin zuen salto. «Iazko uztailean erretaulako pieza apaingarri bat erori zen. Arin-arina zegoen, barrutik erabat janda zegoelako», oroitu du Erauskinek. Gotzain- degiari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari «berehala» eman zioten abisua. Erretaulak izan zitzakeen kalteak zehaztasunez ezagutzeko abenduan 3D laser bidez eskaneatu zuten Landa-Ochandiano Arquitectos enpresako adituek. Datu horietatik abiatuta idatzi zen aurreko astean hasi zen esku hartzea.
Erauskinek aldundiaren Ondare Historiko-Artistikoaren Zerbitzuko langileen borondatea eskertu du. Orain arteko ikerketa lanak eurek finantzatu dituzte, eta konponketa lanetarako ere jarriko dute dirua. Ia 200.000 euro behar dituzte eta aldundiaren, Gotzaindegiaren eta parrokiaren artean jarriko dituzte. Zenbatekoak adostu gabe daude oraindik.
Erretaulak lehenago ere izan ditu pipiekin arazoak. Duela 40 bat urte beste esku hartze bat egin behar izan zuten. Orduko hura baldarragoa izan zen, dena den: gorputzaren oinarrian burdinazko gerriko bat jarri zioten atzeko hormara ainguratzeko, eta goialdean burdinazko zeharraga mardul bat gehitu zioten. Eliztarrek eta adituek kendu nahiko lituzkete egungo konponketekin, baina muntaketa egiterakoan jabetzen badira egurrak ez duela behar bezain ongi eusten, ez dituzte kenduko.
350 urte
Parrokiako erretaula nagusia XVII. mendearen bigarren erdialdekoa da. Estilo barrokoa du. Aldarea Juan de Usurralde y Etxeberria arkitekto gaintzarrak eraiki zuen, 1670. urtean. Kontratua apirilaren 11n sinatu zuten, hurrengo urteko Gabonetarako amaituta edukitzeko baldintzarekin.
Lehen aldaketak amaitu gabe zeudenean etorri ziren. Sagrarioa baztertu egin behar izan zuten trazadura akats bategatik. Mende bat geroago, berriz ere sagrarioan konponketak egin behar izan zituzten: Ignacio de Ibero Loiolako Errege Eskolako maisuak marraztu zituen plano berriak eta Jose Antonio Iparragirrek gauzatu zituen lanak.
Kolore biziagoak
Erretaula nagusiak tamaina ezberdineko zortzi mihise ditu: Koroatzea, Kalbarioa, San Joakin, Santa Ana, San Jose Haurrarekin, San Inazio, San Joan Batailatzailea eta Ama Birjinaren Ikustaldia. Hauek ere eraitsi eta fumigatu egingo dituzte, pipiak izanez gero berriz ere erretaularen egiturara jauzi egin ez dezaten. Behin gas ganbaratik ateratakoan, zaharberritzaile batek garbitu eta deformazioak kenduko dizkie.