Beasain «ezagutzaren erreferente» bilakatuko du EHUko udako ikastaroak
Mugikortasun adimentsuari eta jasangarriari buruz arituko dira. Saioa irailaren 15ean izango da, egun osoan. CAFek eta Irizarrek hartuko dute parte, akademiaz eta ikerketa zentroez gain
EHUren udako ikastaroak Beasainera itzuliko dira, hiru urteren ondoren. Smart Mobility: mugikortasun adimentsu eta jasangarri baterantz ikastaroa izango da aurtengoa. «Ez da nolanahiko gaia», saldu du zuen atzo Leire Artola alkateak, ikastaroaren aurkezpenean. «Beasaingo Udalak konpromiso estua du ingurumenaren aldeko babesarekin eta klima aldaketaren aurka. Mugikortasun ohiturak aldatzea ezinbestekoa da horretarako», gaineratu zuen.
Adur Ugartemendia udaleko Lurraldea saileko buruak eta ikastaroko zuzendariak herritarrei gerturatzeko deia egin zien, «oso gai garrantzitsua delako». Klima aldaketa «aurrean dugun erronka nagusienetako bat» dela esan zuen, eta pedagogiaren garrantzia azpimarratu zuen. «Gipuzkoan isurtzen ditugun gas kutsatzaileen %40a mugikortasunak sortzen ditu. Ohitura aldaketa bat eman beharra dago. Horretarako, garrantzitsua da azpiegitura fisikoak —bidegorri sareak, bizikleta aparkalekuak…— erabiltzea. Baina azpiegitura digitalak ere badaude, eta geroz eta garrantzitsuagoak dira. Kontua da, smart mundu honetan ingelesezko hitz arraro pila bat agertzen direla eta herritarrentzako arrotzak direla. Ikastaroaren helburua da herritarrek ulertzea era sinple batean hor potentzial handi bat dagoela eta izan dadila palanka mugikortasun ohitura zaharkitu horiek aldatzeko», laburbildu zuen.
Ikastaroa irailaren 15ean izango da, goiz eta arratsalde. Herritarrei zabaldutako hitzaldiak arratsaldean izango dira: Mugikortasun jasangarri digitala eta MAAS – Mugikortasun partekatua eta mugikortasuna zerbitzu bezala konferentziak eskainiko dituzte Sttutgarteko (Alemania) Bable kontsultorako adituek.
Goizeko saioa teknikoagoa izango da. Euskal Herriko Unibertsitatearen, Deustoko unibertsitatearen, Vicomtech eta Tecnalia ikerketa zentroen eta CAF eta Irizar mugikortasun enpresen arteko mahai inguru bat izango da. «Beasain eta Goierri, historikoki, mugikortasunaren abanguardian izan dira. XXI. mendean sartuta paradigma aldaketa oso handi bat egon da: digitalizazioa agertu da, eta berarekin, big data, mugikortasun adimentsua, sentsoreak… Beasainek ezagutzaren erreferente izan nahi du eta hau oso aukera ona da etorkizuneko erronkei buruzko hausnarketa bateratu bat egiteko».
Ezagutza partekatu
Itziar Alkorta EHUko uda ikastaroak fundazioko zuzendari akademikoak ere bide horretatik jo zuen: «Uda ikastaroak ibiltariak programan Beasaingoa benetako erreferentziazko puntua da Mugikortasun jasangarriaren ekosisteman Beasainen bezain toki aproposagorik ez dago. Benetan oso pozik gaude hiru urteren ondoren Igartzara itzultzeko aukera izateagatik». Ezagutzan sakontzeaz gain, udako ikastaroen helburua «gizarteratzea eta partekatzea» dela gaineratu zuen. «Herritarrek dakitenen eskutik ikas dezatela, solasaldi baten bidez», egin zuen gonbita.
Mahai ingurua entzuteko aldez aurretik izena eman behar da. Epea zabalik dago. Arratsaldeko saioak erabat irekiak izango dira.
Udalak eta EHUk lankidetzari segida eman nahi diote
Beasaingo Udalaren eta unibertsitate publikoaren arteko lankidetzak jarraipena izan dezala opa zuten bi aldeek Mugikortasun adimentsuari buruzko EHUko uda ikastaroa aurkezterakoan.
«Harreman honek urte asko iraungo duela espero dut. Uda ikastaroei eta Beasaingo herriari mesede handia egingo dio», azpimarratu zuen Itziar Alkorta uda ikastaroetako zuzendari akademikoak. Leire Artola alkateak berretsi egin zuen eta gogoratu zuen Beasaingo lehen uda ikastaroa duela hiru urte egin zutela. Orduko hartan ere jarraipena izatea zen asmoa, baina pandemiak planak zapuztu zituen. Behin osasun egoera baretuta, lankidetzari berrekin diete.