Urteko lehen kuia ikusgarriak
Berritasun gutxikoa izan da herriko jaien bezperako feria, baina produktu berrien aurkezpenak ez du etenik izan, eta kuia da zerrendara batu den azkena. Perretxikoen atala, aldiz ,geroz eta eskasagoa da.
Plaza Nagusia goitik behera apainduta zegoela, ofizialki igandean hasiko diren jaien usainarekin egin zen atzo feria Ordizian, eta azken bi asteazkenetan ez bezala, garai honetan ohikoa den eguraldiarekin gainera. Aurreko egunetako beroaldiekin alderatuta, fresko ere egiten zuen atzo, eta euri zaparradatxoa ere bota zuen goiz erdialdean. Gustura hartu zuten plaza inguruko baserritarrek ur apur hori, batek zioen bezala, «zeruko ura» behar dutelako orain, tenperatura itogarriek baratze eta soroetan utzitako lehorteari aurre egiteko.
Ur faltaren ondorioz, tomatea eta leka, esaterako, atzeratuta datozela ere entzun zen hainbat postutan. Bi produktu horien eskaintzarik ez da falta, hala ere, nahiz eta nahi besteko kantitatean ez dagoen oraindik. Aire libreko tomatea badabil, baina negutegikoarekin alderatuta gutxi (3-5,5 euroan kiloa, tamainaren arabera), eta leka ere badago salgai, geroz eta gehiago, kanpokoa hori ere (6 eta 6,5 euro artean kiloa).
Horiekin batera, kuiatxoak, luzokerrak, berenjenak eta piperrak dira momentuko izarrak. Eta piperretan, eskaintza zabala da: Ibarrakoa edo pipermina (12-12,5 euro), Gernikakoa (6-8 euro), italiar berdea (4 euro), morro berdea eta morro berde-gorria (4-4,5 euro), eta berde ezti luzea (8 euro).
Lehen kuiak
Feriak, bestela, ez zuen berritasun askorik eman atzo, eta horien artean, kuia izan zen nabarmenena. Mutiloako Juanita Murgiondok eraman zituen urteko lehenak.«Zein klasekoak diren ez dakit, baina laranja kolorea hartzen dute gero, eta jateko oso goxoak dira», azaldu zuen. Kalabaza handienak bost kilotik gorako pisua zuen. Kiloa 2,5 euroan jarri zuen salgai.
Mikologia atala ere berritasun izan zela esan daiteke, eskaintza txikiagatik. Mikel Lasaren posturik ez zegoen atzo, eta Felix Barcinarenean bakarrik eros zitezkeen perretxikoak: 30 kilo ziza hori, kiloa 12 eta 18 euro artean.
Landareetan, porrua nagusi
Landare postuetan, azkenik, ez dute atseden hartzeko tarterik oraindik. Aza familiako landareak dira gehien saltzen ari direnak, baina atzo Montesekoek porru ugari saldu zituzten (4 euroan ehunekoa). Albaka ere bazu- ten, hiru landare bi euroan.