‘Estra! estra!’ Hitzberri astekaria sortu da
Beasaingo Udal Euskaltegiko hizkuntza errefortzuko 40 ikaslek ‘Hitzberri’ aldizkaria sortu dute ahozkotasuna eta hizkuntza idatzia lantzeko. «Gustura» aritu dira kazetari lanetan.
Egunkariak banatzen dabil nerabe bat, bere bizikleta gorritik jaitsi ere egin gabe. Hitzberri astekaria banatzen ari da. Adineko 42 ikasleren artean sortu dute: Yarik, Silvio, Maguette, Susana, Aleena, Amal, Lia, Dima, Luba, Nastya… Beasaingo Udal Euskaltegiko hizkuntza errefortzuko ikasleak dira. Ahozkotasuna eta hizkuntza idatzia landu dituzte, zeharka bada ere.
Beñat Iturriotz Mariurumendi maratoia amaitu zuen herrikidea elkarrizketatu dute, azoka ko ekoizleekin hitz egin dute, Igartzako Errota bisitatu dute… Denbora pasekin eta eguraldiaren iragarpenarekin aberastu dituzte aldizkariak. Bi ale argitaratu dituzte denera.
Ikasleak «gustura» aritu dira kazetari lanetan. Lanean buru belarri jardun dutela aipatu dute. Udal Euskaltegiko irakasleak aseta utzi dituzte emaitzarekin, behintzat.
Hizkuntza errefortzuko ikastaroek euskaraz hitz egiteko eta ezagutzan sakontzeko aukera eskaintzen die gazteei opor garaian. Bakoitzaren mailaren arabera banatu dira: batzuk hutsetik hasi dira. Aurten, esaterako, Ukrainatik iritsi berriak diren ikasle batzuk izan dira, ikasturtea hasterako oinarrizko ezagutzak izan ditzaten; beste batzuk, jakin badakite, baina Marian Toledo arduradunak azaldu du errefortzurik ezean uda osoa egingo luketela euskaraz hitz egin gabe, etxean erdaraz hitz egiten dutelako edo ohiturarik ez dutelako.
Gainera, egitasmoari esker, beasaindarrak, tokiko komunikabideak, beste ogibide batzuk… ezagutzeko aukera izan dute.