Kobako esperientzia eskainiko du Parketxeak udan Ataunen
Bi bisita espeleologiko antolatu dituzte udarako, lehena, igande honetan. Izena eman behar da.
Kobazulo barrura bisita espelologikoa egitea izango da Aralarko Parketxearen uda honetako eskaintzan arreta gune nagusia. Lareoko koba batera sartzeko esperientzia bi egunetan burutu ahalko da; lehenbizikoa, igande honetan, eta bigarrena abuztuaren 21ean.
Igandean, 10:00etan abiatuko dira bisitariak, Lizarrustiko aterpetxetik. Lareoko urtegira oinez gerturatu, eta han inguruko kobazulo batean barneratuko dira. Familian eta haurrekin egiteko plan gisara aurkeztu dute: estalagmitak eta estalaktitak, leizeko tenperatura eta hezetasuna giro bereziak… sentitu ahalko dira.
Izena eman behar da, eta buruko 6 euro ordaindu. Mendiko arropa eta kopetako argia eramatea aholkatu dute. Kaskoak antolatzaileek emango dizkiete.
Kobako bisitez gain, abuztuaren 7an Jentilen lurraldean iparraren bila orientazio jolasa egingo dute, 11:30ean, San Gregorioko Barandiaran Museoan.