Gorka Izagirre Ordizian izango da azkenean
Movistar taldeko txirrindulari ormaiztegiarrak ez zuen atzo Frantziako Tourreko azken etapan parte hartu, eta larunbatean itzuli zen etxera Ordiziako 99. Klasikoan lehiatzeko.
Ordiziako Klasikoa hiru urtez (2010, 2012 eta 2014) irabazia den Gorka Izagirre (Movistar Team) txirrindulari ormaiztegiarra Ordizian izango da gaur. Frantziako Tourra korritzen aritu da azken asteetan, baina larunbateko erlojupekoaren ondotik etxera itzultzea erabaki zuen larunbat iluntzean –atzo ez zen Parisen izan– Ordiziako 99. Klasikoan lehiatzeko. Movistar Team-ek UCI World Team mailari eusteko puntu premia du, eta horiek lortzen saiatuko da ormaiztegiarra.
Alejandro Valverderen tokia hartuko du Izagirrek taldeburu bezala, espainiarrak azkenean ez etortzea erabaki baitu. Beste baja garrantzitsu bat Miguel Angel Superman Lopez kolonbiarrarena izango da, Astanak taldetik kanpo utzi baitu behin behinean dopin auzi batekin lotura duelakoan. Vincenzo Nibali (Astana), Juan Ayuso (UAE Emirate) eta Simon Yates (Team BikeExchange) bai, horiek Ordizian izango dira.