Simon Yatesek Ordiziako Klasikoari neurria hartua dio
Abaltzisketako azken igoeran erasoa jo eta bakarrik iritsi da Ordiziako helmugara. Bigarren txapela du; 2016an ere irabazi zuen
Simon Yatesek irabazi du Ordiziako Klasikoa. Bigarren txapela du, 2016an ere bereganatu baitzuen. Plana orduko hartan ongi irten bazen zertarako aldatu: “Ondo ezagutzen dut ibilbidea eta nire unea aukeratu dut. Duela sei urte erasoa jo nuen toki berean jo dut”, azaldu du txirrindulari britainiarrak. Abaltzisketako azken igoeran egin du erasoa, hamar kilometroren faltan, eta ezin izan dio inork jarraitu. Bakarrik helmugaratu da, 2016an bezala.
Pos. |
Txirrindularia |
Taldea |
Denbora |
1.- | Simon Yates | Team BikeExchange – Jayco | 3:52:51 |
2.- | Dion Smith | Team BikeExchange – Jayco | +0:10 |
3.- | Xavier Canellas | Java Kiwi Atlantico | ” |
4.- | Juan Ayuso | UAE Team Emirates | ” |
5.- | Samuelle Battistella | Astana Qazaqstan Team | ” |
6.- | Antonio Pedrero | Movistar Team | ” |
7.- | Andrea Piccolo | Drone Hopper – Androni Giocattoli | ” |
8.- | Fernando Barcelo | Caja Rural – Seguros RGA | ” |
9.- | Elie Gesbert | Team Arkéa Samsic | ” |
10.- | Anthony Delaplace | Team Arkéa Samsic | ” |
Hamar segundo atera dizkio tropelari. Dion Smith Team BikeExchange – Jayco taldeko lagunak irabazi du bigarren posturako esprinta. “Ezin gara zoriontsuago izan”, esan du Gene Bates taldeko zuzendariak. “Itxaropentsu etorri gara, baina lasterketa txikiago hauek irabaztea batzuetan oso zaila da. World Tour mailako bost talde geunden. Pozik gaude gaurko emaitzarekin”, gaineratu du. Taldekako sailkapena ere beraiena izan da.
Taldekakoa | Team BikeExchange – Jayco | 23 urtez azpikoena | Juan Ayuso |
Mendikoa | Julen Irizar | Lehiakorrena | Ivan Garcia |
Tarteko helmugak | David Martin | Ihesaldirik luzeena | Marcos Jurado |
Esprint bereziak | Juan Ayuso | Dotoreena | Dion Smith |
Lehen euskal herritarra | Jonathan Lastra | Sinpatia | Xavier Canellas |
Lasterketa hasi eta berehala Alexander Catafordek, Marcos Juradok eta Julen Irizarrek ihes egin dute; Edwin Torres eta David Martin batu zaizkie geroago. Halako batean, Irizarrek oreka galdu du eta Cataford ere lurrera bota du. Zorionez, erorikoak ez du ondorio larririk izan, baina ihesaldian bost zirenean ez badute sekula alde handirik lortu, hiru gelditu direnean tropelak segituan irentsi ditu. Behin danak elkarrekin zirenean, azken aurreko itzulian, Yates, Ayuso eta Battistella aurrera egiten saiatu dira eta kilometro mordoxka batean eutsi diote pultsuari. Harrapatu egin dituzte, baina Yates indartsu zegoen oraindik eta Abaltzisketako azken igoera beste inork baino azkarrago egin du. Are, marka berria ezarri du: 5:37 behar izan du Amezketako bidegurutzetik Abaltzisketako sarrerara arteko ia hiru kilometroak egiteko. Ampo saria ere bereganatu du, hortaz.
Yatesek neurria ondo baino hobeto hartua dio klasikari. “Lasterketa oso ondo datorkit. Igoeren luzera ona da nire ezaugarrietarako”, aitortu du. Hiru bider hartu du parte eta hiruretan lasterketa buruan sartu da helmugara: 2018an Robert Power taldekideari irabazten utzi zion eta bigarren egin zuen. “Ziur nago itzuliko naizela”, esanez agurtu da.
Goierritar bakarra
Gorka Izagirre izan da goierritarrik onena. Lehiatu den bakarra izan da, egiari zor, eta bera ere ez zen parte hartzekoa. Alejandro Valverde taldekidea ez da garaiz osatu eta bere hutsunea betetzeko Tourreko azken etapari uko egin zion ormaiztegiarrak. 38. postuan amaitu du, irabazlearengandik minutu eta hamabost segundora.