Txapel Gorrik Txomin Perurena eta Sarasola sendia omendu ditu
Francisco Sarasolak Ordiziako Klasikoa irabazi zuela ehun urte bete dira. Ugaitz bilobak jaso du oroigarria. Txomin Perurenak hiru bider irabazi du proba
Txapel Gorri elkarteak Francisco Sarasola lehen edizioko garailea eta Txomin Perurena hiru aldiz txapelduna omendu ditu.
Sarasolaren garaipenetik ehun urte bete dira gaur. Lehiatzen diren klasiken artean Europako bigarren zaharrena da, Euskal Herriko lehendabizikoa. Soilik 1936 eta 1937. urteetan ez zen lehiatu, gerragatik. Pandemia garaian, egutegian egokitzapenak izan arren, jokatu zen. Hortaz, gaurkoa 99. edizioa izan da. Saria Ugaitz Sarasola bilobak jaso du.
Perurena bera igo da podiumera, txapel gorriaren bila. “Aukeran, txapel beltzak nahiago. Baina txapel gorri honek ere badu bere xarma”, aitortu du. Oso pozik zegoela esan du, baina tristatu ere egin duela. “Nire lehen txapela irabazi nuela 51 urte pasa badira, ni ere 51 urte zaharragoa naiz”, egin du txantxa. Garaipenak “oso ondo” oroitzen dituela zehaztu du, halere. “Hiru garaipenetatik bitan Tourra ez nuen lehiatu, horrek ematen dizun abiadurarekin. Uste dut horrek meritu handia duela”, zehaztu du.
Txirrindulari oiartzuarrak 1971, 1972 eta 1976. urteetan irabazi zuen. Gutxik dituzte berak baino txapel gehiago. Neil Stephensek, lau eta Ricardo Monterok, bost.