Arantzamendi, dantzaleku eta topagune
Duela urte batzuk berreskuratu zuten Arantzamendiko topaketa Ataungo eta Idiazabalgo abeltzainek eta bi herrietako udalek. Pandemiaren etena gaindituta, berriz ere dantzalekun elkartu dira.
Mendiak muga izan daitezke askotan, baina beste askotan, baita topaleku ere. Hala gertatu izan da inguruko tontor askorekin. Dantzaleku, erromeria gune, eta azken batean topaleku baitira inguruko herrietako bizilagunentzat. Hala gertatzen da Arantzamendirekin. Ataun eta Idiazabal artean dago tontorra, 783 metroko altueran kokatuta. Alde bateko zein beste adinekoek gogoan dute erromeria leku ezaguna izan zena. Ohiturak aldatu ahala, festa hura ere galdu egin zen, ordea, urteak aurrera joan ahala.
Duela sei bat urte, ordea, bi herrietako abeltzainak eta udalak, festa hori biziberritzeko asmotan hasi ziren lanean. Juntadizoa egin, musika eta jan-edanarekin gozatu, eta elkarrekin egun pasa eder bat egitea zen asmoa. Eta hala egin zuten hiru bat urtez, pandemia etorri zen arte. Beste bi urteko etena ekarri du gaitzak. Baina ohitura zaharra ez dute ahaztu, eta aurten, atzera ere, Arantzamendiko topaketa antolatu dute. Atzo egin zuten festa. Dantzaleku bezala ezagutzen den zelaian elkartu, eta hamaiketakoa eta erromeria egin zituzten, giro ederrean. Gazte eta heldu, ataundar eta idiazabaldarren artean, ehun eta hamar bat lagun elkartu ziren.