Genero arteko bereizketarik gabe itzuliko dira Santanazaleak
Bikotean bietako bakarra baldin bada ordiziarra, hark izango du plazan dantza egiteko aukera. Emakumezko bat izango da soka-dantzako aurreskua lehenengoz.
Santa Ana jaietako tradizioa jarraituz, ezkonberriek Santa Ana Kofradiako kide izatera pasatzea onartuko dute, 1792tik hona ezkonduen sinadurak urtez urte bildu dituen liburu zahar eta lodian sinatuz, eta ondoren, sokadantza egingo dute Ordiziako Plaza Nagusian. Horrela egin dute urtero, uztailaren 27an, 1509 urtetik, gutxienez. Bost mende baino gehigoko historia duen tradizio hau, Ordiziako jaiak berezi egiten dituen ekitaldietako bat da.
Egun honetan, joan den urteko uztailetik aurtengo uztailera bitartean ezkondu diren bikoteek parte hartzen dute. Ez dira derrigor Ordizian bertan ezkodutakoak izan behar, baina ezinbestekoa da bikotea osatzen duten bietako bat ordiziarra izatea.
Plazara dantza egitera ateratzen direnean, partaide bakoitzaren rola zehatza da. Txistulariek txistu eta danbolinekin melodia bat jotzen duten bitartean, koreografia egiten dute gizonezkoek. Emazteek, rol pasiboago bat izan ohi dute ekitaldian.
Aurtengo Santanazaleetan baina, berrikuntza nabarmen bat integratu dute. Adur Ezenarro alkateak adierazi duen moduan, «bikote arteko rolen banaketa ez da generoaren baitan egingo. Bikotean bietako bakarra baldin bada ordiziarra, hark izango du plazan dantza egiteko aukera, gizonezkoa edo emakumezkoa izan».
Biak ordiziarrak diren kasuetan «eurek erabakiko dute, edo biei aplikatuko zaizkie plazan dantza egiteko baldintzak. Rolak aukeratu egingo dira, baina emakumeak ez dira balkoian geratzera behartuak izango. Soka-dantzako gainerako rolak ere, aurreskua, atzeskua, maiordomoak eta abar, genero bereizketarik gabe» aukeratu dira aurten.
Gauzak horrela, Santazaleen soka-dantzan emakumezkoek dantza egingo dute eta emakumezko bat izango da aurreskua, lehenengoz. Honekin, «garai berrietara egokitu» dute ekitaldia, alkateak nabarmendu duenez.
Bi urteko etenaren ondoren, bihar, 09:30ean, udaletxean bilduko dira Santanazaleak. Egun handirako atondu, Santanazaleen liburuan sinatu, eta santanazaleen mezan parte hartuko dute. Esku-dantza, ohi den moduan, 12:00etatik aurrera izango da, Plaza Nagusian.