Idiazabal jatorri izendapenak zuzendaritza taldea indartu du
Felix Ajuria izendatu dute Idiazabal Jatorri Izendapeneko lehendakari, eta Maider Martinez lehendakariorde. Jose Mari Uztarrotzek utzitako lekua beteko dute.
Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapenak lehendakaritza talde berria izendatu du, Kontseilu Arautzaileak hilaren 15ean egindako osoko bilkuran. Zuzendaritza «indartu» egin dutela azaldu du batzordeak.
Felix Ajuria izango da JIBko lehendakari berria. Aramaioarra da, eta Kerixara gaztandegiaren arduraduna. Aurreko zuzendaritza taldean lehendakariorde izan zen, Jose Mari Uztarrotzekin batera. Hark iazko otsailean lehendakari izateari utzi zionetik, jardunean haren lekua bete du Ajuriak, baina hemendik aurrera, ofizialki beteko du lehendakari kargua.
Jarduneko lehendakari izendatu zutenean, «lehendakaritza taldea beste pertsona batekin indartzen saiatzeko konpromisoa» hartu zuen Ajuriak, eta hala egin du batzordeak, gainera, «emakume baten aldeko apustua» eginez.
Idiazabal Jatorri Izendapenaren Batzordeak hil honen 15ean egindako osoko bilkuran izendatu zuten lehendakaritza talde berria. EHNE-Artzai Gazta koalizioak proposatuta, Felix Ajuria eta Maider Martinez izendatu dituzte Kontseilu Arautzaileko lehendakari eta lehendakariorde. Biek ere, gogotsu eta ilusioz ekin diote aro berriari.
Gaztetasuna
Ajuriarekin batera, Maider Martinez sartuko da zuzendaritzan, lehendakariorde karguan. Ajuria Legutiokoa da, eta gaztagilea, bera ere, Bostibaieta gaztandegian. Martinezek «konfiantzaz eta ilusioz» egingo dio aurre erronka berriari, eta «ikasteko prestutasuna eta Idiazabal gaztaren sektorearen babesaren alde egiteko gogoa» adierazi du.
Bere aldetik, Ajuriak «poza» adierazi du, bere lana «pertsona gazte batekin» partekatuko duelako hemendik aurrera.