Itaiaren protokoloa aktibatu dute Ordizian
Goierriko Itaiak emakume bat bortxatu dutela salatu du. Babesa adierazteko elkarretaratzea antolatu dute gaur 19:00etan, Arboledan

Goierriko Itaiaren sexu erasoei erantzuteko protokoloa aktibatu dute bart, Ordiziako jaietan. Itaiak berak jakinarazi du sare sozialen bidez, eta zehaztu dute emakume bat “bortxatua” izan dela. Ordiziako Udalak ez du adierazpenik egin eta Ordiziako Udaltzaingoak eta Segurtasun Sailak salaketarik ez duela jaso esan dute.
Itaiak elkarretaratzea antolatu du gaur 19:00etan, Arboledan. Emakumeari babes “osoa” helarazi nahi diote eta jazotakoa “irmoki” gaitzetsi. “Aitzitik, argi izan beharrekoa da atzo gertatua ezin dugula modu isolatu batean ulertu, norma kultural bilakatu den ideologia matxistak gizonaren gailentasunerako testuingurua sortzen du, era honetan emakume langileonganako erasoak eguneroko ogi bihurtuz. Honen aurrean, figura erasotzaileak seinalatzea, eraso oro salatzea eta hauei aurre egiteko baliabideak garatzen jarraitzea dagokigu“, gaineratu dute.