Barrendiolako eta Lareoko urtegiak alerta egoeran daude
Beroak eta euri faltak eraginda, Goierriko urtegiak ohi baina maila baxuagoan daude: Lareo %62an eta Barrendiola %78an. Arriarango urtegia, berriz, "egoera normalean" dago.
Azken asteetako eguraldi beroek eta euri faltak eragina izan dute Goierriko urtegietan. Lareok eta Barrendiolak garai honetan ohikoa den baina ur gutxiago dute, eta alerta egoeran daude. Beasaingo Arriaranek, aldiz, nahikoa ur du momentuz, eta bere egoera normala da.
Lareokoa da Goierriko urtegietatik egoera okerrenean dagoena, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak emandako datuen arabera. Ataungo urtegiak 1.514ko biztanleria hornitzen du, eta atzo egindako neurketan, bere edukiera osoaren 2.230.000 metro kubikotik %62,83a duela urez beteta ikusi zen. Iazko datuei erreparatuta, Lareoko urtegia %75,10ean zegoen garai honetan, %76,22an 2020an, %72,38an 2019an, eta %75,62an duela lau urte.
Brinkola auzoko Barrendiolan ur gehiago dago, baina Gipuzkoako Ur Kontsortzioak alerta egoera ezarri dio horri ere. Legazpiko urtegiak 26.015 biztanle hornitzen ditu eta bere 1.482.000 metro kubikoko edukieratik %78,47a du urez beteta orain. Azken lau urteetan garai honetan eman duen daturik okerrena da, eta ur mailaren jaitsiera erraz antzeman daiteke ertzei eta pareta nagusiari begiratuta. Iaz, %91,55eko betetze maila zuen, aurten baino dezente gehiago. 2020ko datua %86,99koa zen, eta 2019koa %89,32koa. Duela lau urte, berriz, %100ean zegoen beteta.
Arriaran, egoera normalean
Barrendiolako antzeko kopuruarekin dago Arriaran, % 79,71 da bere betetze maila, baina Gipuzkoako Ur Kontsortzioak dioenez, egoera normala da berea. Beasaingo urtegi honek 36.398 biztanle hornitzen ditu, eta 3.013.000 metro kubiko onartzen ditu.
Iazko betetze mailaren antzekoa da aurtengoa Arriaranen, 2021ean %79,60ko neurketa eman baitzuen garai honetan. Aurreko urteei begiratuta, aldiz, ur maila zerbait jaitsi dela esan behar da: 2020an %74,02a zuen beteta; 2019an %81,10a; eta 2018an %90,40a.