Beasaindarrek ez dituzte ahaztu faxistek eraildako herrikideak
Loreak eta kandela utzi dizkiete eraildakoen senitartekoek eta herritarrek. Haurrak ere izan dira, jarraipenaren seinale. Igartzako ezpata dantza ere dantzatu diete
1936ko gerran eraildako 57 beasaindarrak ez dituzte ahaztu herrikideek, 86 urte geroago. Gaur omendu dituzte, euren oroimenez egindako eskulturan, faxistak Beasainen sartu ziren egun berdinean. Hurrengo orduetan 35 lagun fusilatu zituzten. Gainerakoak borrokan, hiltzera kondenatuta, behartutako lanak egiten… hil ziren frankismo betean.
Historiari errepasoa eman diote ekitaldian. Aurretik, olerkiak, bertsoak eta kantuak eskaini diezkiete: Nerea Antxia eta Uxue Sarriegi dantzariek Igartzako ezpata dantza dantzatu dute, Maitane Legarretak Irati Goikoetxearen pieza bat errezitatu du eta Iñaki Apalategik ekitaldirako propio sortutako hiru bertso musikatu jarri ditu.
Eguneko unerik hunkigarriena fusilatuen, eraildakoen nahiz gerraren zeharkako eraginez hildakoen izen-deituren irakurketa izan da. 57 izen-abizenak banan-banan irakurri dituzte, Xabier Sarasolaren musikak lagunduta. Amaitutakoan, senitartekoek eta nahi zuen orok, lore eta kandela eskaintza egin dute.
Ehun bat lagun elkartu dira oroigarriaren inguruan. Gehienak, helduak, baina haurrak ere bazeuden. Aski biltzen garenik / ez zait iruditu / ez gaitezen etxean / eta mutu gelditu / memoriak hitzak eta hankak / behar ditu, kantatu du Ekaitz Goikoetxeak. Udaletxean ordezkaritza duten hiru alderdietako kideak bertan izan dira.