Bideluzetik sartuko dira ibilgailuak, Kale Nagusiko jarioa txikiagotzeko
Beasaingo Udalbatzak trafikoaren ordenantza aldatzeko urratsa eman du. Helburua oinezkoei «behar duten lehentasuna» ematea da. Oposizioak, zalantzati, ez du babestu
Jose Migel Iturriotz kalera doazen ibilgailuek Bideluze plazatik sartu beharko dute etorkizunean, Kale Nagusia alderik alde zeharkatu gabe. Izan ere, Leire Artola alkateak ez zuen ezkutatu «bizikidetza arazoak» sortzen direla «hainbat ordutan». «Orain arte ibilgailuak Kale Nagusiko 40. zenbakitik, sartu eta Jose Migel Iturriotzeko irteeratik irteten ziren gehienetan. Egia da mezulariak, banatzaileak… direla eta ibilgailuen erabilera areagotu dela eta, hainbat ordutan, bizikidetza arazoak ere eduki ditugula. Aldaketa honen helburua da oinezkoen guneetan ahalik eta kotxe gutxien eta ahalik eta distantzia txikienean ibiltzea, oinezkoei behar duten lehentasuna emateko», zehaztu zuen.
Udal Gobernuak proposatu du Kale Nagusia eta Jose Migel Iturriotz ardatza hiru zatitan bereiztea. Ibilgailuak nora doazen arabera, puntu batetik sartu eta beste batetik atera beharko dira, derrigor: Kale Nagusiko 40. zenbakiaren eta Zubimuzu plazaren artean gelditu behar bada, Joan Iturralde Kaletik sartu eta Andra Mari Kaletik irten beharko da, nahitaez; Andra Mariko irteera baino aurrerago joan behar badu eta Bideluze plaza baino lehenago gelditu behar bada, Joan Iturraldetik Jose Migel Iturriotzeko amaierara arteko bidea egin beharko du, orain arte bezala; eta Bideluzetik aurrera badu jomuga, Bideluzetik sartu beharko da bai ala bai, esan bezala. «Hobekuntza nabaria izango da», zin egin zuen alkateak uztailari dagokion osoko bilkuran.
Proposamena EAJren botoekin aurrera irten zen. Orain jendaurrean ikusgai dago hilabetez, eta alegaziorik aurkezten ez bada behin betiko txertatuko da egokitzapena.
Oposizioa ez dator bat. «Itzal gehiago ikusten dizkiogu argiak baino», esan zuen Eva Alvarez sozialisten bozeramaileak. PSE-EEk egin zuen gogorren proposamenaren aurka eta ezezkoa bozkatu zuten. «Proposamenak arazoa lekualdatu besterik ez du egingo», iragarri zuen Alvarezek. Sozialistek onartu zuten autoak erdigunetik ahalik eta gutxien ibili behar direla, baina zalantzak dituzte Andra Mariko irteera segurua izango ote den. Oinezkoen joan etorria «handia» dela eta kaleak zabalera «estua» duela argudiatu zuten. Gainera, San Inazio 1eko kantoiak ikusgarritasuna «txikia» duela esan zuten, eta istripuak maiz gertatu daitezkeela. «Andra Maritik atera eta gero zer? San Inazio kaletik barrena herrigunera? Ez da jasangarria; Andra Maritik gora igo? Autoak eskola inguruan sartuko ditugu», galdegin zuten. Nerea Manzisidor EH Bilduko bozeramaileak ere bat egin zuen aurkeztutako kezkekin. Koalizioak abstentziora jo zuen.
Artolak erantzun zien onartutako aldaketa lehen pausoa besterik ez dela, eta atzetik egokitzapen gehiago etorriko direla. «Etorkizunean aldaketa gehiago izango dira. Ibilgailuek Andre Mari eta San Inazio kaleen arteko bidegurutzean aurrera jarraituko dute, Andre Mari Zeruratuaren Parrokiaraino, eta han eskuinetara hartu beharko dute Martina Maiz eta Esteban Lasa kaleetatik irteteko. Hori da proposatzen dena hurrengo etapetarako», iragarri zuen.
Adur Ugartemendia Lurraldea saileko buruak gaineratu zuen hartutako erabakiek «atzean oinarri tekniko potenteak» dituztela.
Ordutegiak
Kale Nagusia eta Jose Migel Iturriotz ardatzean sartzeko banatzaileek ordutegiak izango dituzte. Manzisidorrek galdetu zuen jarraipena nola egingo den. Alkateak erantzun zion seinaleak, udalaren informazio panelak… erabiliko dituztela ordutegiaren ezarpenaz ohartarazteko. Halere, ordutegiz kanpo inor sartuko balitz, kameren bidez matrikula hartu eta gidariari abisatuko liokete araua hautsi duela. «Isunak? Izan dezakegu nahi dugun malgutasuna. Zorrotz jar gaitezke eta esan legea aplikagarria dela indarrean sartzen den momentutik edo apurka-apurka joan», utzi zuen aukera zabalik. «Malgutasuna interesgarria da baina eskola eremu batez hizketan ari garenez zorroztasuna beharrezkoa dela uste dugu», erantzun zion bozeramaileak.
Lorategi kalea itxi egingo da aldaketa behin betiko onartzen denean. Udazkenerako izan daiteke, alegaziorik izan ezean.