Euskara ikasteko erraztasun ekonomikoak izango dituzte beasaindarrek
Beasaingo Udalak euskara ikasi nahi duten beasaindarrei diruz lagunduko die. 2022/2023 ikasturteko matrikularen zati bat ordainduko die. Hala erabaki zuten uztailari dagokion osoko bilkuran. EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten. Leire Artola alkateak azpimarratu zuen udalaren helburuetako bat dela Beasain euskaduna lortzea eta bide horretan emandako beste urrats bat dela.
Onuradunak 16 urtetik gorako herritarrak izango dira. Beasainen erroldatuta egotea beharrezkoa izango da ikastaroa egiten duten bitartean. A1, A2, B1 eta B2 mailetako ikastaroetan, ikasleak ordaindutako matrikularen %75 bere gain hartuko du udalak; C1 eta C2 ikastaroetan, matrikularen %50a. Diru sarreren araberako dirulaguntzak ere onartu ziren: Lanbide arteko gutxieneko soldata bider 1,5 baino txikiagoko sarrerak jasotzen dituzten herritarrek, matrikularen %90eko dirulaguntza jasoko dute. Eta langabetuek, matrikularen %100a. Dirulaguntza hauek bateragarriak dira beste erakunde batzuek emandako dirulaguntzekin.
EH Bildurentzat ez da nahikoa eta aurka bozkatu zuten. Doakotasuna eskatu zuten, eta alkateari gogorarazi zioten aurrekontuetan hala adostu zutela. «Udal gobernu honek ba al du borondaterik doakotasuna bermatzeko?», galdegin zuen zuzenean.
Artolak erantzun zion laguntzak diru sarreren araberakoak direla eta «beharra duen edonork ia doainik» ikasi dezakeela euskara. «Gure hizkuntzari duintasuna eman nahi badiogu doakotasun total hori ez dugu zuzen ikusten», gaineratu zuen. Halaber, Beasaingo euskaltegian geroz eta ikasle gutxiago dabiltzala aipatu zuen. «Erronka hortxe daukagu. Nola erakarri beasaindarrak euskarara? Doakotasunak ez du halakorik bermatzen».
28.000 euroko zenbatekoa motz gelditzen bada zenbateko gehigarri bat onartu ahal izango da, dagokion aurrekontu aldaketa onartu ondoren.