Familiek laguntza izango dute ikasturtea hasteko
Urretxuko Udalak 100 euroko laguntza emango dio ikasle bakoitzari, gehienez. Erosketak irailaren 1etik 31ra egin behar dira. Oinarriak webgunean daude
Korporazioak herriko dendetan kontsumoa sustatzeko eta ikasturte hasieran familiei laguntzeko diru laguntzak onartu ditu. Ikasle bakoitzak 75 eta 100 euro bitarteko laguntza jasoko du.
Maialen Fidalgo Gizarte Ekintzako zinegotziak laguntza hauen hirugarren deialdia dela gogoratu zuen osoko bilkuran. Urtero oinarriak unean uneko egoerara egokitzen dira. Aurten, lanbide arteko gutxieneko soldata eguneratu egin denez, gehieneko diru sarrerari dagokion baldintza ere eguneratu egin da.
Ikasle bakoitzak 100 euroko laguntza jasoko du, gehienez. Laguntza bere familiaren diru sarreren araberakoa izango da. Diru laguntzak Urretxuko dendetan eskola materiala erosten dutenentzat izango dira. Erosketak irailaren 1etik urriaren 31ra egin behar dira. Egun horietatik kanpo egiten diren erosketek ez dute laguntzarik jasoko.
Laguntza arkatzak, boligrafoak, folioak, klipak, erregelak, artxibagailuak, kalkulagailuak, motxilak, betaurrekoak, gorputz-hezkuntzarako arropa eta zapatilak… erosteko izango da. Eskolako kuota, eguzkitako betaurrekoak eta material informatikoa ez dira diru laguntzen barne sartzen.
Eskaerak irailaren 1etik azaroaren 5a bitartean aurkeztu behar dira. Oinarriak urretxu.eus webgunean eta udaletxean daude eskuragarri.
Kreditu aldaketa
Osoko bilkuran kreditu aldaketa baten berri ere eman zen. Eguneko zentroaren kudeaketarako aurreikusita zeuden 30.000 euro beste alor batzuetarako erabiliko dira. 10.000 euro seinalizazio materiala erosteko izango dira. Hala, 22.000 euro erabiliko dira guztira horretarako. Beste 10.000 euro seinaleak eta errepideak txukuntzeko izango dira; 20.000 euro erabiliko dira guztira horretarako. 5.000 euro hiri-altzariak erostera bideratuko dira (25.000 guztira) eta beste 5.000 bidegorrirako ekipamenduak erostera (20.000 guztira).
Ondasunen inbentarioaren eguneraketa ere onartu zen. Urretxuko Udalak ondasun berriak dituenez, inbentarioa eguneratu behar izan du. Ondasun berri horien artean Pagoetako eliza, Mugitegi industrialdeko pabiloi bat, Matxinportako lursail bat eta Santa Barbarako errepide berria daude.
Pagoetako eliza kultur ekitaldiak egiteko erabiliko da eta Matxinportako lursailean pump track-a (bizikletan eta monopatinean ibiltzeko zirkuitua) eta parke bat egingo dira. Obra urrian hasiko da. Santa Barbarako errepide nagusiari dagokionez, errepide nagusia Agerre baserriarekin lotzen du.
Horretaz guztiaz gain, osoko bilkuran Gainzuri-komentua Plan Orokorreko azpieremuaren xehetasun azterlanari behin betiko onarpena eman zitzaion. EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten eta EH Bilduk abstentzioa eman zuen. Aipatutako eremuan 65 etxebizitza eraikiko dira. Horietako 25 sozialak eta tasatuak izango dira. Gainera, igogailuak eraikiko dira, Labeaga kalea goiko auzoekin lotzeko. Gainera, 1.700 metro koadro instalazioetarako gordeko dira. Dotazio horiek Gainzuri ikastetxeak erabiliko ditu.
Bukatzeko, kale garbiketaz arduratzen den enpresak kontratua luzatzeari uko egin dio eta korporazioak onartu egin zuen. Enpresak prezioek eta langileen soldatek gora egin dutela eta udalak ordaintzen dionarekin ezin diola horri aurre egin azaldu du. Enpresak zerbitzua ematen jarraituko du, egungo baldintzetan, zerbitzua berriro esleitu arte.