Martzial Garmendiari aitortza Santa Ana eguneko pilota jaialdian
Jaialdiko bi partiden artean egin diote gorazarre Jai-Alai pilotazale elkarteko kideari, berrogei urtean baino gehiagoan pilotaren alde egindako lanarengatik.
Ustekabean harrapatu zuten atzo Martzial Garmendia Ordiziako Jai-Alai Pilotazale elkarteko kidea. Santa Ana jaietako pilota jaialdiaren barruan, bi partiden arteko tartean, omenaldi xume bat egingo ziotela entzun zuen bozgorailutik, eta hori aditu orduko hunkitu zen. Adur Ezenarro alkateak eta Maitane Alvarez alkateordeak oroigarri bat oparitu zioten, eta jaialdiko zortzi pilotariak ondoan zituela ohorezko aurreskua dantzatu zioten bi dantzarik. Denei banan-banan eskerrak eman ondoren, jaialdiko bigarren partidako txapa botatzeko aukera ere eman zioten Garmendiari. Beti-Alai pilotalekura hurbildutako zaleek gogoz txalotu zuten.
Mailako bikaineko partidak
Ohi bezala, 18:00etan hasi zen pilota jaialdia, Santa Ana egunez, frontoia bete-bete eginda zegoela. Lehen partidan Dario-Erostarbe eta Elezkano (Peio Etxebarriaren ordez)-Tolosa aritu ziren nor baino nor. Lehenak nagusitu ziren, 22-18. Estelarrean, Irribarria-Zabaleta eta Altuna III.a-Rezusta lehiatu ziren. Tanto dotoreak eta pilota joaldi ederrak ikusi ahal izan zituzten zaleek. Bigarrenek irabazi zuten partida (22-14).