Sagardo gustagarriak aurkeztu dituzte Zaldibiako txapelketara
Herri mailako lehiaketa Arrumuino baserriko Josu Mendizabalek irabazi du, Zubi-Buru elkarteak antolatuta. Hemezortzi etxetatik aurkeztu dituzte. Kalitatea goraipatu dute
Zaldibiako sagardo txapelketa herrikoia Arrumuino baserriko Josu Mendizabalek aurkeztutako sagardoak irabazi du. Ostiral gauean jokatu zen herri mailako lehiaketa, Zubi-Buru elkarteak antolatuta, soziedadean. Bigarren Agerre baserriko Joxe Mari Aiestaranek egindako sagardoa sailkatu da, eta hirugarren Ausoegi baserriko Jose Inazio Barandiaranek egindakoa. Denera hemezortzi sagardogilek parte hartu dute txapelketan.
2021eko Zaldibiako sagar uztarekin eta etxean norberak egindako sagardoa izan behar zuen. Aspaldiko ohitura berreskuratu du aurten Zubi-Buru elkarteak, 2016tik egin gabea baitzuten txapelketa hori. Afaltzera inguratzen ziren herritarrek egiten dituzte epaile lanak; baita ostiralean ere. Elkartea erabat bete ez bazen ere, 60 bat lagunek dastatu zituzten herriko sagardoak.
Kalitatea aipatu dute
Mokadu eta mokadu artean, aurrez hoztutako sagardoak atera zituzten elkarteko zuzendaritzakoek. Afaltiarrek botoak eman zizkieten. Sari bakarra zegoen, eta Mendizabalek jaso zuen 2022ko garailearen ikurra.
Zubi-Buruko zuzendaritza batzordearen izenean, Amaia Sasiainek aurreratu du pentsau bezala joan dela txapelketa, ongi: «Antolatzaileak eta parte hartzaileak oso gustura gelditu gara, eta balorazioa oso positiboa egin dugu. Sagardoen maila ere izugarrizkoa izan dela komentatu genuen. Ez daukate inongo inbidiarik Beterriko segardotegietakoekin. Maila oso handikoak».













