AGNH pertsonen lan eskubidea aldarrikatu dute
Arreta Gabeziaren Nahastea Hiperaktibitatearekin pairatzen duten pertsonek lan egiteko eskubidea dutela aldarrikatu du Jesus Mari Guzman beasaindarrak, Anistasun fundazioak argitartutako dekalogoan oinarrituta. Aniztasunak hamar gomendioko zerrenda bat aurkeztu du, 2024. urterako lan munduan inklusibitatea lortzeko. Patologia ezberdinetako pertsonek ardura postuak hartzeko, bezeroen aniztasuna neurtzeko eta hartutako neurriak sektoreko beste enpresei eta gizarteari helarazteko aholkatu dute. «Dekalogoak martxan jartzen lagun gaitzala, gizarte konprometituago eta inklusiboago baterantz», opa du.
Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Enpresen Elkarteari, ADAHI elkartearekin batera, aniztasunaren aldeko politikak eskatu dizkie. «Lantalde baten partaide sentitzeak bizimodu zoriontsuagoa izaten laguntzen du. Bizi kalitatea hobetzen du eta pertsona gisa hobetzen laguntzen dit», aipatu du.
Aukera falta
Lana «egoera emozionalaren motorra» dela dio. «Abagune faltagatik, lanpostu aldaketa etengabeengatik… emozio negatiboen eragilea bada, sentsibilitate ezberdineko pertsonontzat bizitza tormentu bilakatu liteke», ohartarazi du.
Kexu da AGNHa pairatzen duten pertsonek ez dutelako lan aukerarik. «Sarri pentsatzen dut gure korporazioak, enpresak, administrazioak… ez daudela behar bezala gaituta. Ditugun lan aukerak gutxi baloratutako lanak dira. Norberak berariaz dakarrenarekin nahikoa ez balu bezala», kexatu du.
Aukera falta atzerago hasten dela zehaztu du. «Sistema akademikoak ez zidan nire gaitasunak garatzeko aukerarik eman. Are, gaitasunak garatzeko aukera kentzeaz gain nire arazo kognitiboen ondorioak azpimarratzeari garrantzi berezia eskaini zioten ibilbide akademiko osoan zehar». Unibertsitatea, utopia: «Ohikoa da abilezia, talentua, gaitasuna… unibertsitate tituluekin nahastea. Baina badira, arrazoi sozialak, ekonomikoak edo, nire kasuan gertatu zen moduan, arazo kognitiboengatik, ez nuela ikasketarik burutzeko aukerarik izan».
Dekalogoa:
1 | Aukera-berdintasunaren eta aniztasunarekiko errespetuaren printzipioak enpresaren balioetan sartu behar dira, eta langileen artean zabaldu. | 6 | Bezeroen aniztasuna ezagutzea: erakundeek bezeroen profila ezagutu behar dute, eta haien aniztasuna ere berrikuntza- eta garapen-iturri dela onartu behar dute. |
2 | Askotariko plantilla eraikitzen aurrera egitea: enpresak hainbat profil dituzten pertsonen integrazioa sustatu behar du (generoa, sexu-orientazioa, arraza, nazionalitatea, jatorri etnikoa, erlijioa, sinesmenak, adina, desgaitasuna, etab.). | 7 | Konpromisoa zabaltzea eta langileei jakinaraztea: erakundeak Aniztasunaren Gutuna sinatzean hartzen duen konpromisoa zeharka partekatu behar du enpresa osoak. |
3 | Gizarteratzea sustatzea: integrazioak eraginkorra izan behar du, eta laneko diskriminazio oro saihestu behar da, zuzena edo zeharkakoa. | 8 | Enpresa hornitzaileei konpromisoa zabaltzea eta jakinaraztea: Espainian Gutunak sustatzen duen borondatezko konpromisoarekin bat egiten duten enpresen erkidegoarekin bat egiteko gonbita eginez. |
4 | Aniztasuna kontuan hartzea pertsonen zuzendaritza-politika guztietan: aniztasunaren kudeaketak ez du izan behar giza baliabideen praktika bat gehiago, zeharkako faktore bat baizik, eremu horretan hartzen diren erabaki guztien oinarrian dagoena. |
9 | Konpromiso hori administrazioei, enpresa-erakundeei, sindikatuei eta gainerako gizarte-eragileei zabaltzea eta jakinaraztea. |
5 | Lana eta familia uztartzea sustatzea, laneko, familiako eta aisialdiko denboren arteko orekaren bidez: erakundeek mekanismoak ezarri behar dituzte lan-bizitza langile guztien familia-bizitzarekin eta bizitza pertsonalarekin harmonizatzeko. | 10 | Diskriminaziorik eza babesteko jarduerak islatzea, bai eta enpresaren urteko memorian aniztasun-politikak gauzatzean lortzen diren emaitzak ere. |