Zaintza erdigunean jartzeko eskaria egin du Legazpiko EH Bilduk
Legazpik dituen erronka demografikoak aintzat hartuta, zahartze mailari «erantzun bat» eman eta zaintza eredua «eraldatzeko» beharra dagoela uste dute.
Legazpik datozen urteetarako dituen erronka demografikoei erreparatu die EH Bilduk aste honetan kaleratutako ohar batean, eta herritarrekin eta eragileekin elkarlanean, pertsonen zaintza erdigunean kokatzeko premia nabarmendu du.
Herriak duen zahartze maila handiaz kezkatuta agertu da EH Bildu, «ez da arazo bat» dio, «errealitatea aldatu egin da bakarrik», baina «erantzun bat eman behar diogu, egoera berrira egokitu behar gara». Eta zeregin horretan zaintzak garrantzia handia izango duela nabarmendu du. «Baina, ba al dakigu Legazpin nola zaindu nahi dugun, nola zainduak izan nahi dugun, eta horretarako zein baliabide behar ditugun?». Galderari erantzunez, udal gobernu taldeak ez duela zaintza ereduaren inguruko hausnarketa bultzatu dio, eta hori parte hartze prozesuaren bidez egin behar dela adierazi du.
Parte hartze prozesua ezinbestekotzat jotzen du, eremu pribatura mugatzen den zaintza eredua «eraldatzeko». Ildo horretan, Legazpin martxan dagoen Ezkurrenea aipatu du, «proiektu garrantzitsua dugu esku artean, baina momentuz gobernu talde honek eraikinari, edukiontziari, eman dio garrantzia, edukia alde batera utziz». Eta EH Bilduren ustez, proiektuaren gakoa «edukiaren definizioan» dago. Eredu hori herritarrekin, adituekin, zaintzako profesionalekin eta erabiltzaileekin definitu behar dela defendatu du, «pertsona ardatz duen arreta eredua» eta «zaintza ekosistema» sortzeko.
EH Bilduren ustez, zaintza pertsonaren nahietan oinarritu behar da, zaintzen dutenen zaintza bermatu behar da, eta zaintzaile profesionalen lan baldintza duinak bermatu behar dira. Horegatik, ekarpenak egin dizkie etxez etxeko laguntza zerbitzua arautuko dituzten pleguei.
Era berean, zaintza ereduaren inguruko hausnarketa egingo duen lantalde bat sortzea eskatuko diote gobernu taldeari, «zaintza ereduari buruzko hausnarketa bultzatzeko, zaintzari modu integralean begiratzeko, eta Ezkurrenea proiektuari behar duen oinarria emateko».