Jaiak opor giroan
San Inazio jaiak ospatuko dituzte Legazpin, Idiazabalen eta Urbian, eta Andre Mariak Gabirian, Zerainen eta Zumarragan. Itsason eta Zegaman 'sanbartolomeak' izango dira hil amaieran, eta Brinkolan 'sangustinak'
Abuztuarekin batera, oporrak hartuko dituzte goierritar askok. Batzuek alde egingo dute, baina herri txiki askotan jaiak ospatuko dituzte. Bailaran geratzen direnek jai giroan ibiltzeko aukera zabala izango dute.
LEGAZPI, IDIAZABAL, URBIA
Abuztua hasi aurretik, San Inazio eguna izango da uztailaren 31n, etzi. Egunaren bueltan jaiak ospatuko dituzte Legazpin, Idiazabalen eta Urbian. Legazpin gaur hasi eta igandera arte ibiliko dira festa giroan San Inazio auzoan. Gaur ekingo diote egitarauari. 19:00etan botako dute txupinazoa. 19:30ean patata tortilla lehiaketa eta Legazpiko taldeen kontzertuak izango dira. Gauean, berriz, Ithaka eta DJ Mito ariko dira goiko plazan, eta beheko plazan Berandu baino lehen eta Larru Beltzak taldeak. Larunbatean Eufemiano Iturri XIII. mendi bizikleta eta oin lasterketa izango da eguneko lehen ekitaldia. Sahararen aldeko paella jana ere egingo dute. Gauean kontzertuekin amaituko da eguna.
Igandean, aldiz, gaua luzatu dutenekin Gaupasero argazkia aterako da goizean. Arratsaldean, mus txapelketa eta herri kirol jaialdia izango da.
San Inazio eguneko jaiekin jarraituz, Idiazabalgo Gazte Asanbladak antolatuta, San Inazio auzoan jaiak ospatuko dira Idiazabalen. Elektrotxaranga, sagardo dastaketa eta kontzertuak izango dituzte gaur. Bihar, mus txapelketa, patata tortila lehiaketa eta bertso afaria izango dira, eta Mugi panderoa taldeak alaituko du giroa gauean. Horrez gain, igandean, San Inazio eguneko meza ospatuko da ermitan, eta udalak luntxa banatuko du Kateako erromerilekuan.
Urbian, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoak antolatutako San Inazio eguneko festa berreskuratuko dute aurten. Igandean meza santua ospatuko da, eta artzain txakur lehiaketa izango da ondoren. Ane eta Lorearen eskutik, erromeria izango da bazkal aurretik eta bazkalondoren. Kudeaketa aldaketaren ostean, San Inazio egunetik aurrera ere irekita egongo da dagoeneko Fonda.
GABIRIA
Gabiriako festak abuztuaren 10ean hasiko dira, San Lorentzo egunez. Kaperan meza izango da goizean, eta ondoren, hamaiketakoa Korta jatetxean. Makila jaitsiera eta pregoia, halere, abuztuaren 13an izango da. Goruntz dantza taldekoek eta Osinalde bertso sariketaren antolatzaileek izango dute ardura, iaz 50 urte bete zituztelako. Pilota partidak, zezenak, gazte afaria eta elektrotxaranga izango dituzte hasiera ofizialeko egun horretan gabiriarrek. Abuztuaren 14an, Andre Mari Bezperan, herri kirolez eta bertsoez gozatuko dute, eta gauean Tirokatuak, Kontrol Norte, Maixa ta Malakias taldeen kontzertuez. Andre Mari egunean txirri dulari igoera, antzerkia, puzgarriak, bola eta toka txapelketa edota mozorro lehiaketa izango dira. Goizaldean, baratzuri zopa janerako elkartuko dira herritarrak Erbie elkartean.
Abuztuaren 16an San Roke eguna ospatuko dute, jaietako azken aurreko eguna. Goruntz dantza taldearen emanaldia, sagardo eta txistorra lehiaketa eta bola eta toka txapelketa egingo dituzte. Kaleko Urdangak, McOnak eta DJ Garrotek girotuko dute gaua. Abuztuaren 17an, San Roke Txiki egunean, jaiei amaiera emateko ardo banaketa eta afaria izango da plazan, eta Joselu Anaiak taldearen kontzertua arratsaldean eta gauean.
ZERAIN
Zerainen ere egitarau bete-betea antolatu dute abuztuaren 13tik 16ra ospatuko dituzten Andre Mari jaietarako. Abuztuaren 13an ohiko gibel-jatea egingo duteLiztormendi elkartean, eta abuztuaren 14an festei hasiera emateko kanpai bueltakoak eta pregoia egingo dira.
Bazkariak, buruhandiak, apar festa, puzgarriak, pilota partidak, txakolin dastatzea, bola txapelketa, herri kirolak edota kontzertuak izango dira lau egunez Zerainen. Abuztuaren 17an, herria txukunduko da auzolanean eta hamaiketakoa egingo da gero.
ZUMARRAGA
Zumarragan ere, abuztuaren 15ean, Andre Mari eguna ospatuko dute, udalak antolatuta. Meza nagusia izango da Jasokundeko Andre Mariaren parrokian goizean. Ohi moduan, mezaren aurretik herriko dantzariek ezpata-dantza egingo dute. Ondoren, kaleko ezpata-dantza egingo dute Iparragirre hiribidean, parrokiko sarrera nagusiaren parean.
ITSASO ETA ZEGAMA
Itsason zein Zegaman San Bartolome egunaren bueltan ospatzen dituzte herriko jaiak. Itsasoko festak abuztuaren 23an hasi eta hilaren 28an amaituko dira. Lehen egunean herri afaria izango da, Jun da Jo taldeak alaituta. Ostatuan daude salgai tiketak. San Bartolome egunean, abuztuaren 24an, meza, toka lehiaketa, ume jolasak, txokolate jana edota ipuin kontaketa izango dituzte itsasoarrek. Mendi bizikleta trabesia egingo dute hilaren 27an, eta asteburu osoan zirkuitua prest egongo da bizikletan edo oinez egin ahal izateko. Abuztuaren 28an, jaietako azken egunean, meza egingo da hilerrian, eta eguerdian herriko produktuen azoka txikia.
BRINKOLA
Hil amaieran San Agustin festak ospatuko dituzte Brinkolan. Abuztuaren 26an txupinazoa bota, ikurrina jaso eta festak hasiko dira. Auzo afaria egingo dute Elustondo anaiak trikitilariekin eta Gorka Azkarate eta Asier Iriondo bertsolariekin. Gauean Modu Operandi eta Meloria taldeek joko dute. Abuztuaren 27an ere jai giroa izango da nagusi, eta abuztuaren 28an bukatuko dira festak. 70 urtetik gorakoak omenduko dituzte eta jubilatuen bazkaria egingo da.