Aurredenboraldia aurrera eta garaipenak iristeke Beasain KE-ko lehen taldean
Beasain KE taldeak 1-3 galdu zuen aurredenboraldiko bigarren partida, abuztuko lehena, CF Vitoriaren aurka.
Beasain KE-ko lehen taldeak uztailean eman zion hasiera aurredenboraldiari eta iada partidak jokatzen hasi da. Lehena uztailaren 30ean izan zuten, Zubietan, Sanseren aurka, eta hutsean berdindu zuten. Atzo, berriz, golen bat edo beste sartzeko aukera izan zuten beasaindarrek, CF Vitoriaren aurkako partidan. Arratsaldeko 19:00etan entzun zuten epailearen hasiera-txistua bi taldeek eta hasi zen jokoa Loinaz Futbol Zelaian.
Lehen zatian zelaia zapaldu zuen hamaikakoa ondorengoa izan zen: Artetxe, Aratz, Ituarte, Etxebaguren, Sansi, Sanz, Sala, Claver, Lorea, Julen eta Ximon. Partidaren lehen zatia amaitzear zela, 44.minutuan Ximonek gol aukera bikaina izan zuen penaltiz, baina huts egin zuen eta atsedenaldira hutsean berdinduta iritsi ziren.
Bigarren zatian hamaikakoan hainbat aldaketa egin zituzten beasaindarrek eta ondorengoak zelairatu ziren: Gelben, Eneko, Arza, Eguren, Irastorza, Pirri, Zubillaga, Mikel, Alain, Beñat eta Pita. Hauei ez zitzaien haien kideei bezain ondo joan partida, izan ere, bigarren zatia hasi eta 20 minutura iritsi zitzaien lehen aurkako gola. Honi buelta emate aldera, 75. minutuan iritsi zen etxekoen gola, baina hiru minuturen buruan, bigarrena sartu zieten kanpokoek, 2 eta 1eko markagailua ezarriz. Partidaren amaierara gerturatzen ari zirela, bi minutu faltan, hirugarren aldiz sartu zen baloia etxekoen atean eta hala amaitu zen partida, 1-3 CF Vitoriaren alde.