Euskaraz abestea aldarrikapen, euskal kulturaren haria ez dadin eten
Bentazaharreko Mutiko Alaiak emanaldi ibiltariak egiten dituen musika taldea da eta ostiralean, abuztuaren 5ean Lazkaon arituko dira, Maizpideko udako programaren baitan, arratsaldeko 18:30etan.
Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak emanaldi ibiltariak egiten ditu 1996az geroztik, nahiz eta hasieran “Pako eta bere lagunak” izenpean izan, euskaldunon izaeraren partetzat duten kantua eta euskal kultura lau haizetara hedatzeko. Transmisoretzat dute haien burua eta ondo pasatzea eta pasaraztea dute helburu, besteak beste.
Hasieran emanaldi txikiak egiten zituzten, baina herriko plazetara pasa ziren 2006an eta geroztik, zenbait herri eta auzo astindu dituzte haien musika eta jai-giro apartarekin. 7 kidez osatutako taldea da baina hasiera-hasieran hiruko taldea zen, Juanlu Aranburu (soinua), Mikel Peñagarikano (kitarra) eta Iñigo Peñagarikano (txistua, hasieran eta ahots nagusia, orain) eta Urrestillan ezagutu eta hasi zuten ibilbidea. Gaur egun, aldiz, hastapenetatik taldekide diren hiru musikari hauez gain, beste batzuk ere batu zaizkie festara: Garmendia (txistua eta danborra), Endika Altzelairekin (baxua), eta Amaia Aranaga eta Iraia Bereziartua (Bibolina, txandaka).
Nahiko izen berezia du taldeak, izan ere, umore puntua eman nahi izan diote taldeari eta ondo pasatzearekin lotutako izen bat behar zutela ohartuta, Bentazaharreko Mutiko Alaiak izena bururatu zitzaien, Aristiren laguntzaz. Azken finean, Bentazaharra putetxe bat zela eta bertan mutiko alaiak izaten zirelako ironia horri jarraiki sortu zen izena, umorera joz. Bestalde, izena bera nahiko xelebrea zen eta horixe zen nahi zutena, xelebrekeria horren eta ondo pasatze horren isla izan zedin izena, haiek ere halakoak baitira.
Hasiera-hasieratik izan zuten argi Bentazaharreko Mutiko Alaiek euskaraz abestu behar zutela, izan ere, herri baten aldarrikapen gisa ikusten dute praktika hau. Beraz, euskal kantak dira haien ikuskizunaren oinarria eta jende andana biltzen dute haien borobilaren inguruan, izan gazte edo adineko, musikaz eta euskal kulturak utzi dizkigun altxorrez gozatzeko asmoz. Ikuskizun soila izateaz aparte, jendearen parte-hartzea ezinbestekoa da taldearentzat eta horrekin batera, transmisio lana egiten duen taldea dela diote, parte-hartze horretatik ikusleen belarrietara iristen baitira euskal kulturako doinurik ezagunenak, belarritik belarrira eta garaitik garaira ez dadin haria eten.
Gainera, inor parte hartu gabe gera ez dadin liburuxkak banatzen dituzte emanaldiaren hasieran eta hala, ikusle guztiek dute abesteko edo abesten saiatzeko aukera, hitzak aurrean. Ondoren, liburuxka hau gordez ere transmisio lana errazten da, beti izango baititugu hor euskal kulturako hitz eta doinu kuttunak, izan ere, zenbaitetan ez gara konturatzen zenbateraino den garrantzitsua letra horien esanahia abesten dugunean; irakurtzean, aldiz, askoz ere kontzienteago izaten gara esaten ari garenaz eta honek atzean duen mezuaz, beraz, liburuxkaren teknika bikaina da transmisiorako eta momentuko parte-hartzeaz gozatzeko.
Azken finean, 60.hamarkada hartan izan zen Euskal Kantagintza Berria izendatutako mugimendua oso garrantzitsua izan da euskal kulturan eta euskaraz abestea aldarrikapen argia zen haientzat. Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak, horri eutsi nahi dio eta haien abestien zati handi bat garai hartako abestietan oinarritzen da, nondik gatozenaren kontzientzia ezinbestekoa baita aurrera egiteko. Hala ere, garai berrietara ere egokitzen dira, beste garai batzuetako abestiak abestuz eta, hala, publiko zabalago batengana iritsiz, hala nola, gazteengana.
Hurrengo emanaldiei dagokienean, Lazkaon izango dira bihar, abuztuaren 5an, ostirala, Maizpideko udako ‘Kultura, Bizi’ egitarauaren baitan. Arratsaldeko 18:30etan abiatuko dira Bentazaharreko Mutiko Alaiak Maizpide euskaltegitik, herriko txoko desberdinak kantuz eta dantzaz astintzeko prest. Hurrengo aste eta hilabeteetan ere Goierriko zenbait txokotan ikusi ahal izango ditugu, izan Gabirian, Ormaiztegin zein Urretxun.
Hurrengo emanaldiak
- Abuztuak 5. Lazkao
- Abuztuak 8: Getaria
- Abuztuak 15: Gabiria
- Abuztuak 17: Ondarroa
- Irailak 9: Leioako Udondo auzoan
- Irailak 11: Ermua
- Irailak 14: Mutriku
- Irailak 18: Urretxu
- Irailak 24: Ormaiztegi
- Urriak 15: Durango