Joseba Insausti ordiziarraren gazta nazioartean saritua
Joseba Insausti gaztagile ordiziarraren "Artzai gaztak - Idiazabal Baserrikoak" Londresko "Great Taste 2022" nazioarteko sarietan izar bat lortu du.

Joseba Insausti Otatza Baserriko ordiziarra da eta Arrumuño artegian aritzen da artzain lanetan, Zaldibian. Artzaina, baserritarra eta gaztagilea da eta azken hau ezin uka diezaiokegu oraingoan, Londresen “Great Taste 2022” lehiaketan saritua izan baita, izar batekin.
Great Taste Awards mundu mailan ospe oneko sariak dira eta bertan 500 bat parte-hartzailek ematen dute izena. Ondoren, izar bat, bi edo hiru ematen dizkiete janari eta edari desberdinei. Epaimahaia gastronomia arloko zenbait adituk osatzen dute, hasi chef izendunetatik, kritiko gastronomikoetatik pasa eta erosleetaraino. Beraz, ez da makala Insaustik lortu duena oraingoan, nazioartean horren garrantzitsua den sariketa batean bere lekua egiten jakin baitu ordiziarrak, “Artzai Gazta – Idiazabal Baserrikoa” gaztarekin izar bateko kalifikazioa lortuz.